ordizia - “Nahikoa da”, “bat gehiago ez dugu onartuko”, eta halako esaldiak beteko dituzte Goierriko inguruak astelehenean. Inoiz baino indartsuago aterako dira Goierriko herritarrak, emakumeak bereziki, emakumeen aurkako indarkeria salatzera. Sare sozialetan ere dagoeneko hasiak dira herriko Udalak zein hainbat elkarte berdintasunaren alde eta matxismoaren kontrako mezuak zabaltzen.
Ordiziaren kasuan, herriko udal ordezkariek eta hainbat elkarteetako kideek agerraldia egin dute egitarauaren berri emateko. “Elkarlana beharrezkoa da, indarrak batu behar ditugu indarkeria matxistaren aurka”, nabarmendu du Kristina Altuna, Ordiziako Udaleko berdintasun teknikariak. Nahiz eta astelehenean izango den egun seinalatua, egitarau betea ari dira egiten. Besteak beste, feminismoa eta arrazakeriaren inguruko hitzaldia egin zuten orain aste batzuk, eta autodefentsa tailerrak ere egin dituzte, helduentzako, eta abenduaren 7an 15 eta 18 bitarteko neska gazteei zuzendua izango da. Izena emateko epea zabalik dago, eta berdintasuna@ordizia.eus helbidean egin beharko da.
Astelehenean, arratsaldean Goierriko herrietako plazetan elkarretaratzeak egingo dituzte; Ataunen (18.30), Beasainen (18.00), Itsasondon (18.00), Lazkaon (19.00), Legorretan (19.00), Ordizian (19.00), Seguran (19.00) eta Zaldibian (18.30).
matazak Erail duten emakume bakoitza gogoan izango dute bai Beasainen eta baita Ordizian ere. Horren adibide da, Asmube, Beasaingo emakume elkarteko kideek, Beasaingo Udalaren Berdintasun sailarekin batera indarkeria matxistaren aurkako hari matazak egin izana. Guztira 425 metro ehundu dituzte, eta Igartza Jauregiko leihoetatik jarri dituzte ikusgai.
Ordiziarren kasuan, nazioarteko egunaren biharamunean, iazko urtean zehar ehundutako bufandekin Zuhaizti inguruko arbolak apaintzeko ekitaldia egingo dute, 11.00etan.