Gordetakoari hauspoa
Itxaro Mendizabalek abiatutako ‘Gurasoei gutuna’ lehiaketak zazpigarren edizioa du aurten, eta orain arte esan gabeko gauza horiek gutun bidez jasoko dituzte, azaroaren 10era bitartean.
Askotan gertatzen zaigu esan nahi den hori hitzez ezin azaleratzea. Dela lotsa, ausardia falta, besteak ondo hartuko duen edo ez pentsatzea, hitz egokiak ez aurkitzea, dela denbora falta... hamaika arrazoi egon daitezke, baina esan gabeko esaldi horiek denborak eramaten ditu, barnean geldi-tzen zaizkigu, eta posiblea da berriz momentu egoki bat, edo instante bat ez izatea horiek kanpora atera eta nahi diogun horri pentsatzen dioguna helarazteko.
Egoera hori egunerokotasunean behin baino gehiagotan gertatzen zaigun zerbait da, ohiko da, eta hainbat testuingurutan ere ematen da. Sentimenduetaz hitz egiterakoan etor litezke, hala ere, barne gatazka handienak, gure barrukoa zabaldu eta maskararik gabe agertu behar garen momentua.
Denboraren garrantziaz ondo jabetuta dago Itxaro Mendizabal beasaindarra, Ttliklik elkarguneko sortzailea. Hark abiatu zuen orain zazpi urte Gurasoei Gutuna ekimena, lehiaketa. Ahoz ez, baina hitzen bidez azaltzen dira ekimen honetan sentimendu eta pentsamenduak.
“Gurasoak auto istripuz galdu genitueneko hamabosgarren urtemugarekin sortu zen hau. Momentu horretan gurasoei idazteko beharra sentitu nuen eta omenaldi bat egiteko asmotan jarri genuen martxan idazlan lehiaketa”, azaldu du Mendizabalek. Idazteko behar hori sortu edo bultzatzeko asmoz, norbere buruari exijentzia maila bat zehazteko, lehiaketa bat abian jartzea erabaki zuen. “Lehenengo hiru urtetan ez nuen lortu idaztea, eta hirugarrenean lortu banuen ere, ikusi nuen beste jende asko zegoela gurasoei idazteko behar hori zeukana”, gaineratu du.
mugagabe Ez dago adin mugarik gurasoei gutuna idazteko. “Hasiera batean zazpi urtetik aurrerakoen-tzat bideratu genuen, idazlan lehiaketa bat delako; baina nire alabak garai hartan esan zidan berak ez zeukala gaitasunik idazteko baina parte hartu nahi zuela, eta orduan marrazki lehiaketa antolatu genuen”, xehetu du. Lehiaketa baino gehiago, zazpi urtera bitartekoen marrazkiak jasoko dituzte, gurasoei esan nahi dien hori hitzez ez, baina irudiz azalduz.
Gauzak horrela, mundu guztiarentzako irekia den lehiaketa bat da. Parte hartu nahi dutenek azaroaren 10era arte izango dute horretarako aukera. Aurkezten diren idazlanek hainbat ezaugarri izan beharko dituzte, ordea. Gurasoei gutuna lemapean nahi den moduko testua idatzi ahalko du bakoitzak, gehienez ere bi orrialdeko luzerarekin eta ordenagailuko Verdana hizkia 11 puntukoarekin. Noski, euskaraz ida-tzitakoa izan beharko da eta eskuz idatzitakoak ere onartuko dira.
Zero eta zazpi urte bitarteko haurrei dagokion kategorian, Gurasoei marrazkia izenpean, orrialde batekoa izan beharko da sortutakoa, eta ordenagailuz edo gutun bidez bidali ahalko dira.
oinarriak Lau multzotan banatuko dituzte lanak. Aipaturikoa, gurasoei marrazkia; 6-11 urte bitartekoa, 12-18 urte bitartekoa eta adinez nagusi direnena. Zozketa bereziak ere egingo dituzte parte hartzen duten guztien artean. Aurkeztu daitekeen lana, ordea, bakarra izango da, argitaratu gabekoa, originala eta beste lehiaketa batean saritu gabekoa.
Gutunak gutun bidez aukeztu nahi dituztenek honako helbide honetara bidali beharko dituzte: Ttiklik! elkargunea, Zelaeta Berri Plaza 3, 20200 Beasain (Gipuzkoa), eta gutun azalean Idazlan laburren lehiaketa jarri behar da. Mezu elektronikoaren bidea aukeratzen dutenek, info@ttiklik.com helbidera bidali beharko dituzte lanak. Barruan sartuko den gutun-azal txikian jarriko dira lanaren izenburua, egilearen ezizena eta maila. Lehiaketarako pribatutasuna mantentze aldera, gutun-azal itxi horren barruko orrian idatzi beharko dira datu pertsonalak, hau da, izen-abizenak, helbidea, adina, telefonoa eta ikastetxea haur eta gazte mailan aurkeztutakoetan. Mezu elektronikoetan gauza bera egin beharko da artxibo erantsi batean.
Sari banaketa azaroaren 30ean izango da, Igartza jauregian, eta maila bakoitzean sari bana emango da.
nahi denaz Eta, zer esan diezaieket nik nire gurasoei? Konplexua baina erraza: barnean sentitzen duzuna. Beste edizioetan ere ikusi izan dira kasuak, non testu batzuk esker onekoak izan diren eta beste batzuk momentu zailak azaltzen dituzten. Helburu bakarra beranduegi izan baino lehen ditugun sentimenduei arnasbidea ematea da, eta hitzez askotan zaila izaten denez, idatziz, hitz bakoitza aukeratuz, benetan esan nahi den hori esan nahi den modu horretan azaltzeko aukera emanez.
Más en Gipuzkoa
-
Mikel Gurrutxaga y Nagore Hurtado, los más rápidos en el Nahaste Borraste de Elgoibar
-
Alarde público: igualdad y tradición han vuelto a desfilar juntas
-
Ordizia ya tiene cartel para las fiestas de Santa Ana 2025
-
El beasaindarra Ekaitz Goikoetxea gana el concurso de versos escritos Txirristaka de Mendaro