Azpeitia - Aniztasun funtzionala duten pertsonen inklusioaren alde lan egiten duen Marea Urdina elkarteak ekitaldiz betetako kanpaina antolatu du datorren astebururako Azpeitian, beti ere, “herritarrak sentsibilizatzeko helburuarekin”.

Egitaraua abiatzeko aniztasun funtzionala duten pertsonen aldeko elkartearen iragana, oraina eta etorkizuneko erronkak jasotzen dituen Marea Urdinaren dokumentala ikusi ahalko da ostiralean (19.00etan) Soreasun.

Larunbatean, berriz, Luan autismoa duen haur berezia izeneko liburua aurkeztuko dute (11.00etan Sanagustin kulturgunean). Horren ondoren (11.30ak aldera) hilaren 14ra arte Sanagustinen bertan ikusgai izango den Ezagutu nazazu erakusketa aurkeztuko dute kulturgunean. - J.L.