ordizia - Asteburu honetan eman zaio amaiera Ordizian Euskal Jaiari, kultura, musika eta dantza nagusi izan direlarik.
Ostiralean Urdaneta dantza taldearen emanaldia izan zen plazan eta iluntzean Oiangu parkea Baserri Ta Rock jaialdiarekin bete zen. Ordiziarrock taldeak antolatuta, Maddi eta Dupla musika taldeek emanaldia egin zuten, ingurune paregabean gau giro ederrean. Gainera, berrikuntza modura, eszenatoki bertikala jarri zuten eta Oiangu baserriko balkoi nagusian, aurreko aldean eta goran, abeslariak kokatu ziren.
Larunbatean, aldiz, Ordiziako plaza nagusian, Ordiziako Udalak, Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarrak eta Amets Bide kultur elkarteak antolatuta, Gipuzkoar erarako II. Aurresku txapelketa nagusia jokatu zen eta, aurreko egunean bezala, asko izan ziren ikuskizunaz gozatzera hurbildu zirenak. Iazko moduan, Euskadiko Gipuzkoar Aurresku Txapelketa eta Euskadiko soinu zahar txapelketa bateratu eta, partaidetza mistodun txapelketa egin ziren.
Guztira 14 dantzari aritu ziren lehian taula gainean: Alazne Ramos (Lasarte-Oria), Maddi Etxeberria (Asteasu), Nahia Lopez (Legazpi), Irati Olaizola (Legazpi), Maitane Irurzun (Aduna), Gaizka Uranga (Elgoibar), Enara Lertxundi (Villabona), Gorka Duran (Villabona), Katerin Artola (Oiartzun), Beñat Salegi (Errenteria), Maider Encina (Legazpi), Iker Belintxon (Lezo), Idoia Narbaiza (Legazpi) eta June Tejeria (Legazpi).
Epaileei dagokionez, Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarrak izendatu, eta Jose Luis Vallejok, Nahikari Vizuetek eta Maria Fereirok osatu zuten.
Dantzariek, Ordiziako txistularien eta Aitor Furundarena akordeiolaren laguntzaz, Aurkez aurke (desafioa) eta soinu zaharra bat (dantzariek Ehun dukat, Ehun ta bikoa eta Grazianaren artean dantzari bakoi-tzak aukeratu duena) dantzatu zituzten. Zortzikoa berriz, aurreko dan-tzetan puntuazio altuen lortu zuten 6 dantzarik eskaini zuten.
Gauzak horrela, Oiartzungo Katerin Artolak lortu zuen sari nagusia; Gipuzkoako Euskal Dantzarien biltzarreko trofeoa, Ordiziako Udaletxeak eskainitako trofeoa, Txapela eta 400, euro jasozteaz gain, Patxi Epelde eskulturgilearen lana hurrengo edizioa ospatu arte bere herriko Udaletxean gordeta izatearen ohorea ere bai. Bigarren saria Villabonako Gorka Duranentzat izan zen eta Udalak eskainitako trofeoa eta 300 euro eskuratu zituen. Hirugarren, aldiz, Errenteriako Beñat Salegi gelditu zen eta trofeoa eta 200 euroko ordainsaria eraman zituen.
Dantzaren ostean sagardoaren momentua izan zen. Arboleda berriz ere jendez bete zen sagardo dastaketa hasteko.
Igandean amaitu ziren aurtengo Ordiziako Euskal Jaiak eta bi ekitaldi nabarmen antolatu zituzten. 12.00-etan, Argi Berri bertso paper lehiaketako sari banaketa egin zen Barrena Jauregian eta irabazleek bertso sortak irakurri zituzten jendaurrean. 28. edizioa izan da aurtengoa eta Berako Julen Zelaieta izan da nagusi helduen kategorian Zor nizun hainbeste lanari esker.
Arratsaldean, bestalde, omenaldien tartea izan zen. Andoni Salamero eta Mixel Ducau musikariek san Bartolome ermitan Ar-tze...Joxan, oroituz! ikuskizun poetikoa eskaini zuten, artistaren lan ezagunenak kantatuz. Osbele elkarteak antolatu duen ekintza izan da eta saio horrekin eman diote amaiera Ordiziako Euskal Jaiei.