Artilezko panpinak, belarritakoak, narruzko pultserak, lepokoak, oihalezko poltsak, egurrezko irudiak... denetarik dago Aste Nagusiaren baitan Clara Campoamor plazan ospatzen ari diren artisau azokan.
Atzo goizean eguraldi eguzkitsua lagun, jende asko gerturatu zen postuak ikustera. Pertsona batzuk hondartzatik itzultzerakoan azoka bisitatu zuten bazkaldu aurretik. Beste batzuk, Kontxako hondar-tzako pasealekuan zebiltzala, postuak ikustera gerturatu ziren. Haurrak, gazteak, helduak... adin desberdinetako jendea zebilen azokan eta abuztuan, kanpoko jendea ere ezin zen falta bertan. Manuel (kolonbiarra) eta Lis (belgikarra) egun batzuk pasatzera etorri dira Donostiara. “Postuak politak dira, neskentzat batez ere. Belarritakoak, pultserak eta beste osagarri asko daude”, adierazi zuten postu bateko bitxiak begiratzen zituzten artean. Donostia hiri ederra dela gehitu nahi izan zuten eta azoka bisitatu ostean bertako Santa Clara irla bisitatzera joango zirela.
Garai batean gaur egun baino artisau azoka gehiago egiten ziren eta Aste Nagusian horrelako merkatu bat egonda, erraza da jendearen arreta erakartzea. Are gehiago atzo bezalako eguraldi ederrarekin. Kontxako hondartza jendez betea bazegoen ere, kalean zebilen jendeak tartetxo bat aprobetxatu zuen azoka bisitatzeko.
Saltzaileek adeitsu kasu egiten zieten gerturatzen ziren pertsonei. Zenbaitek postu bat begiratu ondoren, hurrengoa bisitatzen zuen bakoitzean zer zegoen erreparatuz. Baina baziren zerbait erosten geratzen zirenak ere. Arantxa Pascual errenteriarra Aparte izeneko etxetxoan paperez eta oihalez egindako gantxoak, irudiak, diru-zorroak, poltsak eta beste hainbat produktu saltzen ari zen. “Astea mantso hasi zen baina pixkanaka hobetzen ari da, eguraldia bezala”, azaldu zuen Pascualek irribarre-tsu. Errenteriarra paperarekin hasi zen produktuak egiten eta ondoren, oihala erabiltzera igaro zen. “Denetik saltzen da, adibidez, orain udaran jendeak oihalarekin egindako gantxoak erosten ditu”, aipatu zuen dendariak.
Aitor Bastarrika eibartarra orain Donostian bizi da eta bera ere udarako osagarriak saltzen zebilen bere izena zeraman postuan. “Udan batez ere bururako turbanteak saltzen ditut eta abarketak ere bai”, azaldu zuen. Bastarrika duela 20 urte hasi zen oihalak landareekin tindatzen produktuak sor-tzeko eta gaur egun, online denda ere badauka.
haurrentzat ere bai Haurrentzako arropak eta osagarriak ere ez ziren falta azokan. Baby Mundua izeneko postuan Saioa Torres donostiarra josteko makinaren aurrean zebilen ume txikientzako arropak eta baberoak josten. Torresek 37 urte ditu eta honetan egiten du lan eguneroko bizitzan. “Telak erosten ditut eta patroiekin modeloak egiten ditut. Jendeari asko gustatzen zaizkio oihalak eta asko saltzen dut”, esan zuen. “Arropa saltzen ari naiz, kamisetak oso politak iruditzen zaizkie bezeroei”, erantzun zuen Pascualek, udan haurrentzat zer saltzen duen galdetuta.
Eguzkiarekin esnatu zen eguna atzo eta artisauak pozik aritu ziren bezeroei euren produktuen berri ematen. Azokak datorren larunbatera arte iraungo du Clara Campoamor plazan eta nahi duenaren-tzat Euskal Herrian eskuz eginiko produktu asko saltzen dituzte bertan.