ORDIZIA - Ordizia Rugby Elkarteak 2019/2020 denboraldirako bazkidetza kanpaina hasi berri du, baina bazkide egiteko edo bazkidetza berritzeko moduak eta bazkidetza aukerak ez dira aldatu.
Gauzak horrela, bazkidetza soila egin nahi dutenek 20 euroko kuota ordainduta zozketetan parte hartzeko aukera eta deskontuak izateko eskubidea dute, baina partiduetarako sarrerarik ez eta horiek ordaindu egin beharko dituzte. Ikasleek eta langabetuek bazkidetza berezia izango dute, iaz bezala, sarrera barne. Horiek guztiek 20 euroko kuota ordainduko dute eta ikasketa edota langabetu txartela erakutsi beharko dute bazkidetza egiterako orduan. Jubilatuen kuota, aldiz, 50 eurokoa da eta abonatu arruntarena 90ekoa; bien kasuan, deskontu, zozketa eta sarrerarekin. Ez dute aldaketarik izango laguntzaile, enpresa eta erakunde egoera dutenek. Bestalde, partida bakoitzeko sarreraren prezioa hamar eurokoa izango da aurten ere.
Euren erreziboa helbideratuta dutenek sarrera-txartela automatikoki aktibatuko zaie denboraldia hasi baino lehen. Helbideratu nahi dutenek, aldiz, mezua ondoko helbidera bidali dezakete euren izena, bazkide zenbakia eta kontu korrontearen zenbakiarekin: info@ordiziarugby.eus. Bestalde, helbideratu ez eta urteko kuota ordaintzeko, ahal bada klubeko konturen batean diru sarrera egiteko eskatzen dute elkartetik, posible bada, izena eta abizenak, bazkidetza mota eta bazkide zenbakia azalduz. Honako kontu zenbakiak dira elkartearenak: Kutxabank, ES88 2095 5073 04 1063226491; Laboral Kutxa, ES49 3035 0054 53 0540004395 eta azkenik, Caixa, ES14 2100 4227 71 2200146783.
Egun bazkide ez denak baina hala izan nahi duenak online dagoen metodo bidez egin dezakete tramitea ordiziarugby.eus webguneko bazkideak atalean. Beste aukera bat da atal berean dagoen izen-emate orria inprimatu eta ematen diren azalpenak jarraitzea. Dena dela, klubeko ordezkariak zalantzak argi-tzeko Altamiran Ohorezko dibisioko partidu egunetan egongo dira eta bertan ere egongo da aukera bazkidetza egin edo berritzeko. M.A.