BEASAIN - Uda garaian hainbat herritako errepidetako zoruek hitzordua izaten dute. Hain zuzen ere, berritze lanak egiten hasten dira orduan, ikasturte berriarekin batera guztia prest egongo dadin. Beasaingo kasuan, zoruen berritzeaz gain mantenu lanak ere egingo dituzte abuztuan zehar. Udaletik nabarmendu dutenez, eguraldia lagun izanda "behar gehien" dituzten eremuak izango dira esku-hartuko diren lehen lekuak, baldintza egokietan jarri ahal izateko ahalik eta denbora epe txikienean. Aurreikusten dutenez bi asteko lanak izango dira, nahiz eta eguraldiaren menpe egongo diren datak.
Gauzak horrela, aurtengo Beasaingo asfaltatze kanpaina uztailaren 29an hasi dute eta egutegiaren datei erreparatuz gero, ikusi daiteke nola banatuta egongo diren lan horiek eta zein epetan egingo diren aldaketa horiek toki bakoitzean. Kanpainako lehen egunetan, uztailaren 29an eta 30ean, hain zuzen ere, Errekarte 19 zenbakiko garaje sarreretako errepideak hobetu dira eta Gipuzkoa plazan ere egin dituzte lanak.
Abuztuaren 5ean, aldiz, Osasun etxe inguruan eragingo dute. Kasu honetan bi zatitan banatuko dute asfaltatze lana; batetik, erreil bat itxiko da, hain zuzen, Iturralde kaletik dagoen sarbidea, eta, beraz, osasun etxeko inguru horretara sartu-irten ahal izateko Gure Gas gasolindegitik eta Usabiaga garabiak enpresa dagoen lekutik egin behar izango da, N1 errepidetik. Hurrengo egunean Zazpiturrieta 10 zenbakiaren inguruari tokatuko zaio, eta abuztuaren 7an, aldiz, Errekarte 48 zenbakiko aparkalekuari.
Bestalde, Erauskin kaleko 5-7 zenbakien parean dagoen zebra bidea altxatuko egigo dute asfaltuari lodiera gehiago emateko asmoarekin eta Ezkierdiko parkean ere eremu zati bat asfaltatuko da abuztuko lehen asteetan. Asfaltatze lanak egin ostean, noski, pintaketa lanak egingo dituzte eta hori egin ahal izateko ateri egon beharko da; hala ez balitz, pintaketa lan horiek atzeratu egingo dira eta beraz lan guztiak amai-tzeak denbora gehiago eramango die langileei.
Apirileko udalaren osoko bilkuran onartu zuten Asfaltos Urretxu enpresari esleitzea aurtengo asfaltatze kanpainako lanak. Garai honetan egin ohi den legez, asfaltoa berritzeko premian dauden ibilbideak berrituko dira eta honekin batera beste zenbait garajeetako sarrerak. Lan hauen kostua 124.985,95 eurokoa izango da, BEZa barne.
Abuztuan egingo diren lanak horiek baldin badira ere, irailean beste aldaketa batzuekin jarraituko dute. Hilabete hauetan Trenbide kalean buru-belarri aritu dira jardunean, eta uztailean bertan Gernika Pasealekuko aparkalekuan baterian dauden espazioak kendu dituzte, ondoren, berriz espazio gehiago sortzeko aparkatzeko. Udan lan hauek geldirik egongo dira, baina hirugarren fasea urrian hastea espero da. Bertan Trenbide kaleko ilaran dauden aparkalekuak kenduko dira, eta guztira, eremu horretan 136 plaza sortuko dira aparkatzeko.