Síguenos en redes sociales:

Zine emanaldia LGTBIQ+ Nazioarteko Egunean

Lezoko Udalak bihar 22.00etan Saldise plazan ‘Bide zuzena, ibilbide okerrak’ zinta eskainiko du

Lezo - Bihar, ekainaren 28a, ostirala, LGTBIQ+ edo sexu askatasunaren nazioarteko eguna da eta horren harira, Lezoko Udalak, udako zine emanaldia antolatu du lehen aldiz, herritar orori zuzenduta.

Zine saio hori Saldise plazan egingo da iluntzeko 22.00etan eta bertan, Bide zuzena, ibilbide okerrak deituriko dokumentala ikusi ahal izango dute lezoarrek. Dokumentalak Gasteizko LGTBIQ+ mugimenduak azken 25 urteotan egindako ibilbidea eta kolektiboak sexu askatasunaren eta berdintasunaren alde egindako lana azalaratzen du.

Filmak New Yorkeko Stonewall Inn gay tabernan gertatutako istiluak eta Errenteriako Francisco Vadillo Francis transexualaren erailketa ditu abiapuntutzat, biak izan baitziren sexu askatasunaren eta berdintasunaren aldeko borrokaren inflexio puntu eta ikur nazioarte zein estatu mailan. Izan ere, hurrenez hurren, aurten 50 eta 40 urte betetzen dira bi gertakari horiek gertatu zirenetik eta dokumentalak, nolabait, urte horietan emandako aurrera pausoak eta Gasteizko LGTBIQ+ kolektiboak egindako urratsak jasotzen ditu.

Bide zuzena, ibilbide okerrak dokumentala Hala Bedi irrati libreak eta Luma Gorri elkarteak elkarlanean garatutako proiektua da eta Zinegoak jaialdi esangura-tsuan aurkeztu da. - A.M.