Lezo - 2019. urteko Mendekoste jaiak berandu datoz, aurten ekainaren 7an iritsiko baita Zabarre pirata Lezora. Gainera, aurten itsas-lapurraren ongietorria berrikuntzekin eta sorpresa batekin dator, baina Lezoko udaletxean atzo burututako aurkezpenean ez zuten nahi izan ezer gehiago aurreratu.
Xanti Valek, Kultura teknikariak, ziurtatu zuenez, “mendekosteak jai txikiak eta atseginak dira eta adin guztietako herritarren gustuko ekitaldiak egongo dira”. Guztira, 27 ekintza antolatu ditu Jai Batzordeak.
Honenbestez, urtero legez, Zabarreren ongietorriarekin emango zaie hasiera jaiei, ostiralean, ekainaren 7an 17.45an kaian. 19.00etan udaletxeko atarira iritsiko da eta han pirata txikiek pregoia irakurriko dute.
Larunbat goizean, aldiz, Lezo Herri Eskolako patioko muralaren margoketa egingo da. Gauean The Bane, Ordu Txarra, The Jaig eta Half 8 lezoar taldeek kontzertua emango dute eta Gonapeka, McOnak eta Las Tea Party taldeek jarraituko dute gau musikalarekin.
Igandean, dultzaineroen dianarekin hasiko da eguna. Aurrerago, herri kirolen erakustaldia izango da Gurutze Santuaren plazan, harria, aizkora eta txinga erakustaldiekin. Arratsaldean Tio Teronen semeak taldearen FreshCool dantza emanaldiaz gozatzeko aukera izango da eta gaueko 21.45ean zezen suzkoarekin emango zaie amaiera aurtengo Mendekoste jaiei.
Jesus Mari Martiarena alkateak eskerrak eman zizkien jaien antolakuntzan parte hartu duten elkarte eta herritar guztiei.
Azkenik, Noemí Arberasek, Berditasun zinegotziak, “jaietan ere arduraz eta errespetuz jokatzeko eta gozatzeko” eskatu zuen.
Iaz egin bezala, Indarkeriarik Gabeko Gunea jarriko da, aurtengoan Saldise plazan, ekainaren 8an, 19.00ak eta 22.00ak bitartean. Aipatutako gunea Espainako Estatuko diru laguntza jaso du eta bere helburua eraso sexista, matxista, xenofobo edo homofobo gabeko jaiak aldarrikatzea da.