ataun - Eskolaz gaindiko jardu-erak bultzatu eta Ataungo eskola gunea indartzea proposatu du Ataungo EAJren alkategaiak, Xabier Barandiaranek, “herriaren etorkizuna” diren haur eta gaztetxoen hezkuntza eta aisialdirako aukerak indartu asmoz. Hala jakinarazi du Barandiaranek, Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako diputatu Ainhoa Aizpuruk Ataunera orain egun batzuk egindako bisita aprobetxatuz.
“Ataundarron etorkizuna eskolako haurretan dago. Eskola gunea indartu behar dugu, eskolaz gaindiko kultura jarduera ezberdinak egiteko aukera berriak bultzatuz. Hizkuntzak, berdintasuna, ingurumena eta kulturgintza gai nagusi-tzat harturik, gaztetxoentzat beren herri garapenerako eskaintza bideratzea izango da gure helburua”, berretsi du Barandiaranek.
Aizpuru diputatuarekin herriko proiektu eta beharrizanak aztertu dituzte, zerbitzuen eta azpiegituren ikuspegitik. Lehen sektorean belaunaldia berritzea bultzatzeko proposamenak konpartitzeaz gain, ingurumenaren zaintza eta landa bideen egoera izan dute aztergai. Barandiaranek aipatu zuenez, Ataunek “mendi eta baso ugari” du eta horien guztien zaintzak “garrantzia handia du bai ustiaketaren ikuspuntutik eta baita ingurumenaren zaintzaren ikuspuntutik”. “Datorren legealdian baserri bide eta herri lurretako irisgarritasuna bermatzeko egokitzapen lanak egitea proposatzen dugu”, osatu du. - M.A.