Síguenos en redes sociales:

“Azpeitian oraindik badago merkataritzan lan egiteko ilusioa eta denda bat izten denean beste bat irekitzen da”

Azken urteotako lanari esker, Azpeitiko Bertan erreferente bilakatzen ari da Gipuzkoako herrietan merkataritza sustatzeko lanean ari diren elkarteen artean

“Azpeitian oraindik badago merkataritzan lan egiteko ilusioa eta denda bat izten denean beste bat irekitzen da”

azpeitia - Karmele Zabaleta orain dela 23 urte mulgildu zen merkatari-tzaren munduan. 2013an ireki zuen Ildefonso Gurrutxaga kalean duen Koket emakumeentzako moda denda eta orain dela lau urte hartu zuen bere herriko Bertan merkatari elkartea ordezkatzeko ardura. Zeregin horretan “burubelarri eta pozik” ari dela aitortzen du; “poliki poliki bada ere” herriko dendariok “elkartetik egindako lanaren eta ahaleginaren emaitzak ikusten hasi garelako”.

Azken krisiak kolpe handia eman zion Azpeitiari. Merkatarien artean ere igarriko zenuten...

-Hala da, bai. Nik neuk 2013an ireki nuen denda, krisiaren garai gogorrenetan. Banekien non sartzen nintzen eta orduan kontsumoa oso gaizki izan arren, egoera hobetuko zelaren esperantzarekin animatu nintzen denda irekitzera. Zorionez, azken urteotan egoera poliki poliki hobetzen joan da.

Zer egin zuen merkatarien elkarteak krisiari aurre egiteko?

-Argi zegoen ezin ginela geldirik geratu. Horregatik, urte zail horiek aprobetxatu genituen demanda aztertu eta negozioak aktibatu eta garai berrietara egokitzeko. Azken urteotan aldaketa handia eman da kontsumo ereduan eta horregatik ahalegindu gara merkataritza txikiak herria bizirik mantentzeko duen garrantzia azpimarratzen.

Mezua gizarteratzea lortu duzue?

-Ez dakit herritar guztiengana ailegatu den ala ez baina badago perfil bat baloratzen duena denda txikien gertutasuna eta konturatzen dela beste kontsumo modelo batera joanda nola geratuko ziren kaleak eta herria bera.

Kanpotik ikusita, deigarria da Bertan elkartearen aktibitatea. Beti duzue zeozer esku artean...

-Pozten naiz kanpotik horretaz konturatzea. Egia da merkataritza bizirik mantentzeko hilero antolatzen dugula ekimenen bat. Alde batetik, dinamizazio kanpainak egiten ditugu eta hor zozketak, deskontu-bonoak eta holako ekintzak sartzen dira. Bestetik, lerro estrukturalak ari gara lantzen sektorearen etorkizuna bermatzeko eta horri ere garrantzi handia ematen diogu.

Azaldu hori...

-Ekintza puntualekin batera herriko eragile ezberdinekin ari gara lanean denda txikien garrantzia agerian uzteko. Adibidez, ikastetxeekin lanketa bat egiten ari gara, umeak txikitatik ikusteko zer nolako inportantea den Azpeitian erostea herria bizirik mantentzeko. Bestalde, Udalarekin elkarlanean gaude multinazionalak eta marka handiak gure herrian ez ezartzeko. Ildo beretik, herriko zenbait puntutan rotaziozko aparkalekuak egokitzeko eskaera luzatu diogu Udalari.... gure elkartearen lan estrategikoa hortik doa, etorkizunean ere Azpeitiak bizirik dagoen merkataritza izaten jarraitzeko.

Hilabete honetan ere kanpaina berezia duzue martxan...

-Bai. Hamar afari bikoitz zozkatuko ditugu maiatzean zehar Bertaneko establezimenduetan erosketaren bat egiterakoan Azpeitia txartela erabiltzen dutenen artean. Baina ez da ohiko afari bat izango. Izan ere, esperientzia ezberdin bat eskeini nahi dugu eta horregatik afari hori guztiz eraberrituta dagoen Basazabal jauregian egingo da, ekainaren 8an. Gainera, Naiara Larrañaga dekoratzaile azpeitiarrak apainduko du jantokia, zuzeneko musika egongo da...

Azpeitia txartela kaleratu duzue. Zer nolako harrera izaten ari da?

-Oso oso ona. Dagoeneko 2.900 txartel baino gehiago aktibatu dira eta hori asko da. Rural Kutxako bulegoan eskura daiteke, doanik da eta hainbat abantaila ematen ditu.

Zeintzuk dira abantaila horiek?

-Visa bezalako kreditozko txartela da eta erabiltzaileek %2 eta %5 arteko bonifikazioa dute hurrengo erosketarako. Bonifikazio hori ez da galtzen. Gainera, bezeroak nahi badu erosketa hiru zatitan ordaintzeko aukera dauka txartelarekin.

Dinamizazio ekintzetara bueltatuta... oker ez banabil ekainerako ere zerbait berezia prestatu duzue...

-Bai, telebistan egon zen El precio justo programaren antzerako ekimena antolatu dugu. Bertanetik hainbat gauza erosi ditugu elkarteko zenbait dendetan zozketa bat eginda eta artikulu guzti horiek Rural Kutxako erakusleihoan ikus daitezke. Hori kontuan izanda, ekainean elkarteko dendetan erosketaren bat egiten duenak txartel bat jasoko du erakusleihoan jarritako opari guztien prezioa jar-tzeko. Eta gehien gerturatzen dena, pasatu gabe, etxera eramango ditu.

Nola baloratzen duzue Azpeitiko Udalak merkataritza txikiaren alde egiten duen lana?

-Beti dago gehiago laguntzeko aukera, baina pozik gaude Udalaren jarrerarekin. Igartzen dugu Udala denda txikien alde dagoela. Orain 100.000 euroko partida berria egokitu du, gure elkartearekin adostutako ekimen ezberdinetan laguntzeko. Gainera, urtero ematen dio laguntza bat Bertani eta ahalegina egiten du Dendartean ere herrian finkatuta egoteko.

Amaitzeko, zein da Azpeitiko merkataritzaren osasun egoera?

-Ona esango nuke. Beste zenbait herritan negozioak itxi ahala ez dira berriak irekitzen baina Azpeitian une honetan oraindik badago sektorean lan egiteko ilusioa eta dendaren bat isten denean beste bat irekitzen da.