zumarraga - Josu Idigoras Egia izango da EAJren alkategaia Zumarragan. Duela 47 urte jaio zen Amorebieta-Etxanon eta ia 20 urte daramatza Zumarragan. Enpresa ikasketak egin zituen eta Ordiziako Su Eskola fundazioan lan egiten du. Urretxu-Zumarraga Ikastolako lehendakaria izan zen eta azken bi legealdietan zinegotzia izan da.

Bere programaren bi zutabe nagusiak ekonomia eta gizarte politika izango direla aurreratu du. “Konpainia garrantzitsuen itxiera, enpresen ihesa, ehun industrialaren murrizketa? Zumarragak urteak daramatza noraezean alor ekonomikoan eta horrek sozialki ahultzen gaitu”.

Gainontzeko instituzioekin harreman ona izatea oso garrantzitsua dela gehitu du. “Udal indartsua behar dugu, kudeatzeko gaitasuna duena eta inguruko udalekin, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin lankidetza lerroak berreskuratuko dituena. Horretarako, EAJ da aukerarik onena. Hamarkadetan euskal erakundeen buru egin dugun lana da gure abalik onena”. - A.Z.