Aste honetan Beasaingo Loinazpe ikastetxeko DBH 2. mailako ikasleak Ondo jan dezagun proiektua lantzen ari dira. Egitasmo hau elikaduratik abiatu dute, jateko behar biologikoetatik hasi eta sukaldaritzaren plazeretara iritsi arte. Hala, dieta osasungarria eta orekatua izateko jarraibideak jorratuko dira. Hori ez ezik, ikasleen elikadura-ohiturei buruzko informazioa bildu eta aztertzeko aukera ere izaten ari dira ikasleak.
Astelehenean Lorea Muguruzaren eskutik garaian garaikoa jatearen garrantzia landu zuten. Atzo, berriz, Beasaingo azoka bisitatu zuten eta bertako merkatariekin hitz egiteko aukera izan zuten guztiek. Informazioa biltzeaz gain, garaian garaiko produktuak jateak duen garrantzia eta baserrietako elikagaiak eskura izateak dituen onurak aztertu zituzten.
Taldeka banatu ziren eta goiz osoan egon ziren azokan. Horietako talde bat Iera Azkarate, Iratxe Mugika, Libe Galparsoro, Aines Txabarria eta Haizea Aristik osatutakoa izan zen. “Bertako baserritarrekin hitz egindakoan ikusi dugu bertako produktuen eta kanpokoen arteko aldea zein den. Esaterako, kanpotik ekarritakoek garraioa kontuan hartu behar dute, dela kamioi edo hegazkinez. Horrek karbono dioxido gehiago sortzen du, eta, beraz, kutsadurari zuzenean eragiten dio. Hemengoak kontsumituta, berriz, kutsadura hori gutxitu egiten da”, nabarmendu zuen Mugikak.
Taldekideek bat egin zuten baserritarrek mendian egiten duten onuraz, “guk paseoak emateko mendiak garbi egoten dira, guztia txukun; haiek arduratzen dira guztiaz”, gehitu zuten. Hala ere, errealitate gordinarekin topo egin zuten eta Azkaratek adierazi zuen nekazaritzan eta lehen sektorean aritzen diren pertsona kopurua jaisten ari dela: “Ikusten dugu nekazariek beraien produktuengatik lortzen duten ordainsaria oso baxua dela, hainbat kasutan, bitartekariak daudelako eta horrek kalte egiten die, noski”.
Ekimen hau ostiralean amaituko dute. Goizean taloak egiten ikasiko dute eta Txabarriaren hitzetan, “asko” ikasten ari dira, egunero ekintza desberdinak lantzen dituztelako eta beraien begiekin ikusten dutelako bertako produktuak kon-tsumitzearen garrantzia.
errezeta liburua Proiektu honen amaierako helburua hiru hizkuntzatan (euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez) errezeta liburu digital bat egitea da, eta aitzakia horrekin funtsezkoa den zerbaiti buruz hausnartzea lortu nahi da, erosketa eta kontsumo ohituretan eraginez. Lau urtaro desberdinak hartuko dituzte kontuan eta aipatutako taldeari, esaterako, udazkena egokitu zaio. “Hiru plater egin behar ditugu. Entsalada epela, brokoliarekin egindako nuggets batzuk, eta amaierarako, fruitu lehorrekin egindako izozki bat”, gaineratu zuen Mugikak. Horrez gain, errezeta bideo lehiaketa batean parte hartzeko aukera ere izango dute Loinazpeko ikasleek.