urretxu - Urretxuko Udalaren Aniztasun eta Bizikidetza Mahaiak Sukaldanitzak egitasmoa antolatu du. Helburua bertan jaiotakoek eta kanpotik etorritakoek elkar ezagutzea da. Horretarako, herrialde ezberdinetako platerak prestatzen dituzte eta ondoren elkarrekin bazkaltzen dute.
Udazkenean Euskal Herriko errezetak prestatu zituzten eta azken aste hauetan munduko beste herrialde batzuetako platerak ezagutzen ari dira.
Duela bi aste Ekuatore Gineako platerak prestatu zituzten eta joan zen astean Pakistangoak. Gaur Marokoko sukaldaritza ezagutuko dute.
11.00etan elkartuko dira, Goierri elkartearen egoitzan. Hasteko, erosketak egingo dituzte. Ondoren, Goierri elkartearen egoitzara itzuliko dira eta bertako sukaldean Marokoko platerak prestatuko dituzte. Bukatzeko, elkarrekin bazkalduko dute.
Ekimen honetan parte hartzea erabaki dutenak ez dira damutu. Ezta gutxiago ere. Luis Mari Perez eta Juan Luis Ayuso Goierri elkarteko bazkideek Euskal Herriko platerak prestatzen erakutsi zieten etorkinei. Orain, beraiek dira beste toki batzuetako jakiak ezagutzen ari direnak. “Oso giro ona dugu. Guztiok sukaldean sartzen gara eta guztiok lan egiten dugu. Barre asko egiten dugu. Bizitza honetan denetik probatu behar da”, aipatu du Perezek.
Hiru herrialde Duela bi aste, Javiera Murillo eta Maria Milagrosa Nsa Ncogoren laguntzarekin, Ekuatore Gineako errezetak prestatu zituzten. Aguakate entsalada eta txahala kakahuete saltsan, hain zuzen ere. Postrean, papaia, mangoa eta piña jan zituzten.
Joan zen larunbatean Mu-hammad Umair pakistandarra izan zen sukaldari burua. Atun entsalada, biryani arroza oilaskoarekin eta kheer-a prestatu zituzten. Sukaldean 17 lagun elkartu ziren eta jangelan 29.
Gaur Al Amal elkartekoak izango dira sukaldariak. Marokoar entsalada, txahala aran saltsan, fruitu lehorrekin egindako pastak eta marokoar tea prestatuko dituzte. Gaurkoa izango da ikasturte honetako azken saioa.- A.Z.