tOLOSa - Udal komunikazio kanalen erabilera “alderdikoia” egitea leporatu dio EH Bilduk EAJri. Azken boladan gai honen inguruan herritarren “kezkak” jaso badituzte ere, “marra gorri guztiak gainditu ditu”, koalizio abertzalearen ustez, pasa den larunbatean Tolosako Udalaren Twitter kontu ofizialean EAJren aldizkaria ikusteko esteka zuen txioak, nahiz eta denbora gutxira argitalpena ezabatu zen.
“Kiroltasunez hartzen dugu udal gobernuan dagoen alderdiak balio erantsia duela hauteskundeei begira, udal jarduerak ematen dion ikusgarritasuna, alegia. Hala ere, pasa den larunbatean gertatutakoak alarma gorriak piztu ditu”, esan zuten atzo egindako agerraldian Kristina Pelaez eta Lore Agirre EH Bilduko ordezkariek.
Nahiz eta txioa minutu gutxira desagertu zen Udalaren kontu ofizialetik, oposizioaren iritziz, “akatsa baino gehiago, horren atzean dago larriena” eta ondorioz, “argi dago Udalaren kontu ofiziala kudeatzen duen pertsonak Tolosako EAJren Twitter kontua ere kudeatzen duela”. Honen aurrean hiru hipotesi ikusten dituzte: “Lehena, Udalak ordaindutako komunikazio teknikaria EAJren komunikazio-lanak egiten ari dela eta, beraz, tolosar guztiok ordaintzen ari garela alderdiko komunikazioa lanak EAJri; bigarren aukera da EAJko zinegotziren batek udaleko kontura eta EAJrenera sarbidea izatea, baina hori ez dugu balizkoa eta ezta onargarria ere ikusten; eta hirugarren aukera izan daiteke kanpoko norbaitek kudeatzea kontua eta guk honen berri ez dugunez, legezkotasuna ere zalantzan jartzen dugu”, zerrendatu zuten EH Bilduko ordezkariek.
Gauzak horrela, uste dute udal gobernuak herritarrei azaldu behar diela zer gertatu den, ahalik eta azkarren eta zehatzenen. “Larunbateko akatsak, argi eta garbi utzi du modu batera edo bestera, udaleko komunikazio bitartekoak bidegabe erabiltzen ari dela EAJ. Udal gobernuaren esplikazioak entzun ondoren erabakiko dugu beste urratsik emango duen, erantzukizun politikoak eskatzea tartean egon daitekeelarik”, amaitu dute. - M.S.S.