Errenteria - Aurten ere Ereintzako abestalde herrikoiak, lehengo ohiturei jarraiki, bihar Santa Ageda bezperako koplak eskainiko ditu herriko kale eta tabernetan.

Kalejira 18.40ean hasiko da Foru Plazan, Xenpelarri eskainitako eskulturaren aurrean. Bertan Iñigo Legorburu omenduko dute Bertso Eskolako taldearekin batera. Jarraian Lekuzarrera joko dute 18.50ean.

Ondoren, Santxo Enea kalean, Noski liburu denda parean, Eider Rodríguez herritarrari eskainiko zaio saioa 19.10ean. Bai Legorbururi, baita Rodríguezi ere literatur lehiaketetan irabazitako sariak eskertu nahi dizkiete.

Mikelazulon izango den ekitaldia eskulangintza azoka gogoan hartuz burutuko da 19.25ean. Erdiko kalea zeharkatu eta gero, Xiberon Luis Mari Etxebeste taldekideari eskainiko zaizkio bertsoak 19.35ean.

Aurreikusitakoari jarraiki, ohikoa den sarreratxoa egingo dute Donosti sagardotegian 19.55ean. Zumardira itzuliz, Maite tabernan entzun nahi izanez gero, 20.20an dute hi-tzordua jarria. Eta saioa amaitzeko Kontzejupean omenduko dute Gaztedi Txiki elkartea aipatutako bi abestaldeek.

Biharko saioan, Ereintzako txistulariekin eta Doikeko soinujoleekin batera, zuzendari lanetan Xabier Vesga arituko da. Koplari gisa, Amaia Agirre. Bertsoak Sabin Irastorzak, Julian Albisturrek eta Mikel Ugaldek prestatu dituzte. - A.M.