Síguenos en redes sociales:

Denboraleari, zartagi hotsak

inauteriak badatozela iragartzeko hiriko hainbat auzotako kaleak bete zituzten atzo arratsalde eta gauean hungariatik etorritako kaldereroek

Denboraleari, zartagi hotsak

Iragarpenak oso txarrak ziren. Euria, hotza eta haizea... Etxean lasai-lasai geratzeko moduko asteburua zirudien. Baina inauteriak badatoz eta horiek iragarri behar zituzten atzo Hungariatik etorritako ehunka lagunek.

Zartagiak eskuan, hainbat auzotan entzun zituzten Kaldereroen doinuak arratsaldean: Intxaurrondon, Egian, Amaran eta Herreran, besteak beste. Jendetsuenak, hala ere, Grosekoak izan ziren: konpartsa beteranoa 18.00etan abiatu zen eta Txofrerako bidea hartu zuen, bertan kanpalekua jartzeko. Aurten 35 urte bete dituzte eta dagoeneko 20 urte badira emakumeek ere koruetan parte hartzen dutela.

Gaua iristerako Parte Zaharreko zartagi soinuek hartu zuten lekukoa. 21.45ean abiatu ziren Lasala plazatik Konpartsa Tradizionala osatu zuten 400 lagun inguruk (19 tribu). Konstituzio plazan bildu eta han jo zituzten Sarriegiren doinu ezagunenak.

Aurten konpartsako pertsonaia azpimarragarrienak diren Erregina eta Damak Hondarribiako Alardeko Jaizkibel konpainiako kideak izan ziren, haiei omenaldia egin nahian. Haiekin batera kalez kale aritu ziren baita zuzendaria eta laguntzaileak ere, hartza, hartz-kumea eta bere hezi-tzailea.

Konpartsa Primitiboko kideek (250 inguru), bestalde, 21.45ean ekin zioten ibilbideari. Aurten Trinitate plazatik atera ziren eta, lehen aldiz, kanpamentua Santa Maria elizan jarri zuten (aurretik Sarriegi plazan egiten zuten geldialdi nagusia).

Ohi moduan, Kaldereroen ondotik Inude eta Artzainen konpartsak hartuko du lekukoa gaur Parte Zaharrean (12.00etatik aurrera) eta datorren asteburuan Antiguara eta Loiolara helduko dira Kaldereroak. - N.G.