Errenteria - Gaur hasiko da Euskaraldia eta abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko egunean, amaituko da. Gauzak horrela, Errenteriako batzordeak egun horietarako egitarau zabala prestatu du datozen egunetarako.

Honela, gaur irekiera ekitaldia burutuko da 18.30ean Foru Plazan. Azaroaren 26an, berriz, Euskal zinema mahai-ingurua antolatu da 18.30ean Reina Aretoan, José Luis Rebordinosen, Zinemaldiko zuzendariaren, parte-hartzearekin.

Azaroaren 28an, Euskara batuaren urrezko ezteiak: Mitxelena eta Txillardegi izeneko hitzaldia eskainiko du Fito Rodriguezek 18.30ean, Xenpelar Etxean.

Egun bat beranduago Errementari filma botako dute 19.00etan Niessen aretoan. Sarrera doan da, baina beharrezkoa izango da gonbidapena lortzea. Gonbidapenak asteartetik aurrera egongo dira eskuragai Niessenen.

Azaroaren 30ean Oarsoarrak sariak banatuko dira 19.00etan Merkatuzarren.

Abenduaren 2an 11.00etan, familia nahiz taldeentzat Bost ateen bila pista jolasa antolatuko da. Parte-har-tzeko, aldez aurretik izena eman behar da turismo bulegoan. Ondoren, 12.00etan, Kantuz Euskaraldian kalejira burutuko da udal txistulari banda eta Kantujirako lagunekin. Herriko plazatik abiatuko dira eta kaleetan zehar ibiliko dira. Ordu berean, Urdaburu elkarteak antolatuta Herri jolasak egongo dira Koldo Mitxelena plazan.

Abenduaren 3an, Euskararen Egunean, Mintzodromoa antolatu da euskaltegientzat eta 18.00etan itxiera ekitaldia ospatuko da Foru Plazan Mikel Markez, Mikel Albisu (Ze Esatek), Johnny Camacho (Sonakay), Errenteria Musikal musika eta dan-tza eskola eta herriko umeen parte-hartzearekin. - A.M.