azpeitia - Iaz izandako etenaren ondoren, Azpeitiko Amarok taldeak herriko txakurkrosaren III. edizioa antolatu du abenduaren 9rako, 7,5 kilometroko ibilbide berriarekin.

Izan ere, orain arte Sanjuandegi inguruan burutu izan den proba, Loiolako basilikaren ataritik hasiko da aurten eta parte-hartzaileak Txalintxo edo Munoaundi bezalako inguruetatik igaroko dira.

Lasterketa 10.30ean hasiko da eta parte hartzeko ez da beharrezkoa izango federatuta egotea. Hori bai, parte-hartzaile guztiek hainbat neurri bete beharko dituzte, hala nola, txakurrei dagozkien txertoak ematea eta material egokia erabiltzea (proba hasi aurretik materialaren kontrola egongo da).

Parte hartzeko izena emateko epea bi aste barru irekiko dute (probaren egunean bertan ere eman ahalko da). Bestalde, txakurkrosa amaitzerakoan haur eta gaztetxoei zuzendutako lasterketa laburra egongo da Loiolako zelaietan eta horren ondoren Amarok taldeko lagunek txakurren erakustaldia egingo dute basilika aurrean. - J.L.