Síguenos en redes sociales:

Indarkeria matxistaren kontra ekimen mordoa eskualdean

Villabonan mataza bidez egingo dute aldarria eta Anoetan plaka bat jarri dute

Indarkeria matxistaren kontra ekimen mordoa eskualdeanArgazkia: N.G.

Villabona - Tolosan egitarau oparo prestatu dute Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Egunaren harira, baina eskualdeko gainontzeko herrietan ere ekitaldi mordoa izango da datozen egunotan. Villabonan, esaterako, Indarkeria sexistaren aurkako matazak ekimena egingo dute bihar eta Anoetako herri sarreran plaka bat jarri berri dute Anoetak ez du indarkeria matxistarik onartzen leloarekin.

Hiru ekitaldi nagusi izango dira bihar Villabonan indarkeria sexistaren bazterketaren aldarrikapena egiteko. Lehenik eta behin, 11.30ean, topaketa izango da Malkar Plazan eta parte-hartzaile bakoitzak bere matazak eramango ditu. Denok elkartu eta kalejira bat egingo dute plazan hasi, Hiru Aldeta, Kale Nagusia eta Errebote Plazan bukatuz, matazei omenaldia eginez. Matazak Indarkeria Sexisten Aurka elkarteaz gain, udalerriko ikastetxe guztiek zein Seaska haur eskolak parte hartuko dute ekimenean.

Bestalde, datorren azaroaren 28an, osteguna, Cartas con remitente de mujer y silencios de hombre liburuaren aurkezpen-hitzaldia iragarri dute, 19.00etan, Subijana etxean. Eresargi Abesbatzak eta Hodei Margolariak lagundurik, liburuaren egileak diren Iñaki Urdangarin amasa-billabonatarra eta Agurtzane Estrada bertaraturiko dira liburua aurkeztu eta ondoren sinatzeko.

Anoetan ere hainbat ekitaldi aurreikusi dituzte. Herriak indarkeria matxista ez duela onartzen aldarrikatzeko plaka bat jarri dute herri sarreran. Udalak Berdinbidean-ekin lantzen duen urteko planifikazioaren barruan kokatzen da ekintza hau, Indarkeria matxistarik gabeko Gipuzkoa lan ildoaren baitan.

Larunbatean, Ikaztegietan Mikromatxismoak eta estereotipoak hi-tzaldia eskainiko du Onintza Enbeita kazetariak, 12.00etan, udaletxean.

Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna, ordea, igandean izango da eta herri askotan elkarretaratzeak antolatu dituzte egun horretan. Ikaztegietako udaletxean, 12.00etan, Artantxuriketan, ama-alabak kantuan izango da, garai bateko baserriko sukaldean arta zuriketan an-tzeztuz. Ondoren, elkarretaratzea egingo dute zubian. Alegian elkarretaratzea 12.00etan izango da eta Anoetan, 12.30ean. Bidania-Goiatzen, aldiz, igandean Nagore Laffageri buruzko pelikula ikusteko aukera izango da 17.00etan balio anitzeko gelan eta, ondoren, solasaldia izango da.