legazpi - Hotz Legazpi elkarteak Jantzi Negua Euskal Herri mailako kanpainarekin bat egin du. Neguko arropa jasoko dute errefuxiatuentzat, larunbat honetan Azoka guneko arkupeetan. 11.00etatik 20.00etara egongo dira bertan.
Haur zein helduentzako neguko arropa jasoko dute. Baita barruko arropa berria ere. Ondoren, Zaporeak elkarteari emango diote Greziara eraman dezan. Bertan, Attika (Lesbos) eta Feox (Chios) elkarte greziarrek errefuxiatuen artean banatuko dute.
Arropa bilketa girotzeko eta adin guztietako herritarrak kontzien-tziatzeko, bi ekitaldi antolatu dituzte: 17.30ean errefuxiatuen arazoari buruzko ikus-entzunezkoa emango dute eta marrazki tailerra egongo da. Bi ekitaldi hauek ere Azokan izango dira.
Ikus-entzunezkoa errefuxiatuek egiten duten bidaiari buruzkoa da. Ondoren, 6-12 urte bitarteko haurrek bideoan ikusitakoari buruzko marrazkiak egingo dituzte. Marrazki hauek liburu eta poltsa solidarioetan inprimatuko dira. Gainera, Legazpiko kultur etxean ikusgai jarriko dira. Erakusketaren izenburua Errefuxiatuak: gaur zu, bihar ni? izango da.
Elkartearen historia Hotz Legazpi 2016 hasieran sortu zen eta lehen kanpainan Calais eta Grezian zeuden pertsonei arropa eta janaria bidali zizkieten. Horretaz gain, Siriara antibiotikoak eta mantak bidali dituzte eta Katilu Solidarioak kanpainan parte hartu dute.
Katilu hauek En Red SOS Refugiados eta Salvamento Marítimo Humanitario elkarteei laguntzeko egin ziren. Grezian bizi diren haur errefuxiatuen marrazkiak dituzte. Legazpiarrek ehunka katilu saldu dituzte.
Legazpiarrak lan asko egiten ari dira errefuxiatuen alde. Hotz Legazpi elkartea zortzi bat lagunek osatzen dute eta une puntualetan beste 30 bat legazpiarren laguntza jasotzen dute.