olaberria - Ordiziako Majori kiroldegia ez da izango Goierrin hobetuko den kirol instalakuntza bakarra, izan ere, Olaberriako Ihurre auzoa ere ildo berean dabil lanean. Jokin Garmendia, Olaberriako alkateak, eta Denis Itxaso, Kultura eta Kiroletako Departamentuko diputatuak, hitzarmena sinatu berri dute Ihurreko kirol pistak egokitzeko eta irisgarriagoak egiteko. Proiektuak, guztira, 540.633 euroko aurrekontua du eta Aldundiak 191.725 euro jarriko ditu.
Itxasok azaldu du Aldundiaren Gipuzkoako kirol ekipamenduen planak “55 udalerriri eta 567.000 biztanleri” eragiten diela, hau da, “Gipuzkoako biztanleen %80ri; guztira 53,8 milioi euroko inbertsioa egin da, eta Aldundiak 10,6 milioi euroko laguntza eman du hori aurrera eramateko”.
“Aldundian adin guztietako, edozein sexuko eta jatorri guztietako herritarrek instalazio egokiak izatea lortu nahi dugu, bertan kirola edo gainerako aisialdiko jarduerak egin ahal izateko eta, horrela, haien bizi kalitatea hobetzeko”, esan du Itxasok.
Bai Olaberriako Udalak eta baita Aldundiak ere “balorazio ona” eman diote lankidetzari, eta agertu dute “inoiz baino beharrezkoagoa dela baliabide publikoak modu eraginkorrean eta jasangarrian erabiltzea, erakundeen arteko lankidetzatik abiatuta”.
aldagela gehiago Aldaketa nabarmenak izango dira. Batetik, eraberritze obrak direla eta, egungo teniseko pistetako bat estaliko dute eta, gainera, padeleko bi pista berri jarriko dituzte futbitoko pistak hartzen duen espazioan. Hori ez ezik, estalkiak ere jarriko dituzte eguraldi txarraz babesteko egungo teniseko pistetako bati, padeleko bi pista berriei, eta padeleko beste pista bat jartzea aurreikusita dagoen espazio bati. Estalkien diseinuari dagokionez, hasiera batean egitura bera proposatzen dute padeleko bi pistetarako eta baita hirugarren pista egitea aurreikusita dagoen lekurako ere, eta egitura indibidual bat teniseko pista bakoitzerako.
Emakumeen eta gizonen aldagelak ere jarriko dituzte, eta aldagela bakoitzak komun bat eta bi dutxa izango ditu. Bi aldagelen artean beste aldagela egokitu bat jarriko dute. Bestalde, aldagela baten alboan biltegirako lokal bat prestatuko dute, eta igerilekuko komunak moldatu egingo dituzte komun egokitu bat jartzeko.