urretxu - Urretxuko Udalak datozen egunetan esleituko du Lizeoaren eta etxe-orratzaren artean kokatuko den igogailua instalatzeko obra, 186.700 euroko prezioan. Udaberrian inauguratzea espero da.
Azpiegitura horrek Kalerrota eta Labeaga kaleak komunikatuko ditu. Aipatutako diru kopurua baino kostu handiagoa izango du. Izan ere, aipatutako zenbateko horri beste batzuk gehitu behar zaizkio. Esaterako, obra zuzendaritzako teknikarien lansariak. Gastu honen zenbatekoa 11.500 euro ingurukoa izango da.
Bestalde, aparailuak eramango dituen segurtasun kameren instalazioa ere aparte ordainduko da. Barruko eta inguruko irudiak grabatu dituzte eta kostua 8.000 euro ingurukoa izango da. Hala, igogailua instalatzea 206.200 euro inguru kostako zaio Urretxuko Udalari.
Obra abenduan hastea espero da eta hiru hilabeteko iraupena izango du. Hala, Kalerrota eta Labeaga lotuko dituen igogailua udaberrian martxan egongo da.
Ez da hau Urretxuko Udalak eskuartean duen proiektu bakarra. Astelehenean Goldeneko plazatik Isabeleko bidegurutzera doan espaloia berritzeari ekion zion.
Lanak hiru fasetan egingo dira eta bederatzi asteko iraupena izango dute. Eguraldiak lagun-tzen badu, epe hori murriztu egin daiteke.
Hiru faseak Lehen faseak hiru asteko iraupena izango du eta Labeaga 41etik 43ra egingo da. Bigarren faseak ere hiru asteko iraupena izango du eta 43tik 49ra egingo da. Bukatzeko, hirugarren fasean 49tik 51ra doan zatia konponduko dute. Hau egiteko ere hiru asteko beharko dituzte.
Gaur egun dagoen losa aldatuko da, egoera txarrean baitago, eta herriko hainbat tokitan instalatu dena jarriko da. Duela gutxi Nekolalde kalean eta San Sebastian auzunetik Labeaga 50era jarri dutena.
Obrak egin behar dituen enpresak ahalegina egingo du herritarrei ahalik eta arazo gutxien sortzeko. Horretarako, etxebizitzen eta denden parean pasabideak jarriko ditu. Obra honen aurrekontua 35.650 eurokoa da. - A.Z.