Síguenos en redes sociales:

Errezil sagarra, Gabiriako urrezko produktua

Bihar ospatuko dute Errezil sagarraren 18. eguna, eta hemeretzi herritarrek parte hartuko dute egongo diren lehiaketetan

Errezil sagarra, Gabiriako urrezko produktua

gabiria - Urteroko hitzordua izango da bihar, igandea, Gabirian. Zalantzarik gabe, errege den produktuaren eguna ospatuko dute, Errezil sagarrarena. Erbie elkarteak antolatutzen du ekitaldia eta aurtengoa 18. Errezil Sagarraren eguna izango da. Ohiko moduan, egun osoko ekintza guztiak produktu honen inguruan joango dira.

Lehiaketa herritarrentzat bideratua izaten da eta aurten 19 herritarrek parte hartuko dute. Horietatik zortzi errezil sagar lehiaketan lehiatuko dira, beste hamabi sagar-goxo lehiaketan eta hamaikak azokan jarriko dute postua. Bestalde, Goierri Beheko Ezti Lehiaketa ere egingo da. Hala, Gabiriako Eskolako Dantzalekura eraman beharko dituzte erlezainek beraien potoak, goizeko 10.00etatik 10.30erako denbora tartean.

Denetik dastatu eta erosteko aukera jarriko dute beste behin Gabirian. Baserriko produktuen azokan, esateko, errezil sagarretik hasi, eta gazta, ogi, barazki, fruta, fruitu lehor eta beste hainbat elikagai ikusteko eta erosteko aukera izango dute bertaratzen direnek. Feria 10.00etatik 13.30etara izango da.

Goiz-eguerdi parte horretan, gainera, urteroko gonbidatua izango da: Josu Osa. Bera sagar landareak nola txertatu behar diren azaltzen egongo da eta Korta jatetxeko Lontxo Ormazabalek sagar konpota nola egiten den ere erakutsiko du. Bestalde, Gabino Murua ere hantxe izango da sagarrondoei buruz, besteak beste, gaitzak, tratamenduak, txertakak, eta inausketak landuz. Ikusleek izan ditzaketen zalantzak ere argituko ditu Muruak. Haren inguruan ibiliko da Jakoba Errekondo agronomo eta paisajista, landare eta zuhaitzen argibideak ematen.

Produktuak erosten dituztenen artean saskikada bat errezil sagar, Baztarrika gaztandegiko gazta bat eta Korta jatetxeak eginiko sagar-tarta ere zozkatuko dituzte biharko egunean. - M.A.