Larramendi eta Olarrain auzoko festak hasiko dira gaur
Gaur TAK-eko neskek botako dute txupinazoa 18.30ean Larramendin eta ondoren mozorro festa izango da
tOLOSA - Izaskun, Berazubi eta San Esteban auzoko festen ondoren, Larramendi eta Olarrain auzoko bizilagunek hartuko dute erreleboa asteburu honetan. Gaur hasi eta igandera arte ez dira ekitaldiak eta jai giroa faltako Tolosako bi auzo hauetan.
Gaur 17.00etan txokolatada egin ondoren, 18.30ean jaurtiko dute txupinazoa Larramendi auzoan. Aurten TAK-eko nesken esku utzi nahi izan du festa batzordeak, egindako denboraldi onaren omenaldi modura. Jaia hasitakoan, buruhandiek eta dultzaineroek piztuko dute kale giroa. Ondoren, 19.00etan, pintxo potea izango da, eta 20.00etan Tolosako musika bandaren kontzertua. Zezen suzkoa 22.00etan izango da eta eguna amaitzeko, 23.00etan 80 eta 90 hamarkadetako musikarekin mozorro festa antolatu dute.
Larunbatean dultzaineroen diana 10.00etan iragarri dute eta 12.00etan gaztetxoen danborradak bere ibilbideari ekingo dio auzoan txarangaren laguntzarekin. Ohitura den moduan, 14.00etan auzo bazkaria izango da eta ondoren, 18.30ean, kalejira Iraunkorrak txarangarekin eta haurrentzako jokoak. Iluntzean, 20.00etan, Alaiki Metal taldeak txikientzat emanaldia eskainiko du eta 23.00etan, bigarren emanaldia helduentzat.
Igandeko egitarauari dagokionez, 10.00etan txistulariak izango dira, 11.00etan patata torilla lehiaketa, 12.00etan gaztetxoen jolasak, 14.00etan kuadrila bazkaria, 15.30ean batukada tailerra familientzat, 17.00etan buruhandiak eta 19.00etan, jaien amaiera.
Olarrainen, aldiz, gaur mus txapelketa izango da 22.00etan. Bihar, auzo afaria egingo dute trikitilariek alaituta, 21.00etan. Igandean, azkenik, mendi bizikleta trabesia iragarri dute 9.30ean, hamaiketakoa eta ume jolasak 11.00etan, eta azkenik, bazkaria bertsolari eta trikitilariekin, 14.30ean. - M.S.S.
Más en Gipuzkoa
-
La gira de Bruce Springsteen aterriza en Europa: Donostia cuenta los días
-
Más desfibriladores para velar por la salud de los lazkaotarras
-
Donostia, primera capital de la CAV declarada zona tensionada para paliar un problema de vivienda que empeora
-
La nueva estación de Euskotren de Usurbil estará terminada a final de año o inicio de 2026