Oriotarra izanik, nola hasi zen Hernaniko bandarekin daukazun lotura?

-Ni Orioko bandan hasi nintzen jo-tzen, baina banda desegin zenean utzi egin genuen. Hernaniko bandaren zuzendaria oriotarra zen garai horietan eta nire aitak ezagu-tzen zuen. Nire aitak galdetu zion ea bera eta ni Hernaniko bandan jotzerik genuen eta segituan esan ziguten baietz. Nik orduan klarinetea jo-tzen nuen eta banda batean zenbat eta gehiago, hobeto. Ez da tronpeta bezala, asko ezin direla izan.

Gaur egun tuba jotzen duzu, baina beste instrumentu batzuk ere menderatzen dituzu.

-Bai, nik errekintoa, klarinetea baino pixka bat txikiagoa den instrumentua, jotzen nuen, baina egun batean tuba-jolea gaixo jarri zen eta tuba ikasiko nuela erabaki nuen. Partiturak hartu eta matxakatu nituen, entsegura joateko. Eta gero tubarekin jarraitu nuen.

Zein emanaldi ematen zituen Hernaniko bandak duela ia 50 urte?

-Kontzertuak eta Tilosetan dantzaldiak eskaintzen genituen eta jende asko etortzen zen dantzara. Banda erdibitu egiten zen, erdiak jai batean jotzen zuen eta beste erdiak hurrengoan.

Nondik datorkizu musikarekiko zaletasuna?

-Aitarengandik. Aitak soldaduskan ikasi zuen, hiru urtez egon zen. Musika zekitenek ez zituzten lan gogorrak egin behar eta nire aitak Orioko bandako zuzendariarengana jo zuen eta hark klarinete bat utzi zion. Klarinetea ikasi zuen eta banda militarrean sartu zen. Soldaduska bukatu zuenean, Orioko bandan aritu zen eta niri hamabi urterekin bonboa jotzen erakutsi zidan. Lau urte beranduago, klarinetea jotzen erakutsi zidan.

Zenbat urterekin hasi zinen Hernaniko bandan?

-Hogei urte izango nituen, 1970an hasi nintzen. Astean bi entsegu egiten genituen eta Oriotik autobusez joaten ginen. Oriotik Lasarteraino eta handik Hernanira. Gustura joaten ginen. Pentsa, Andoaingo txarangan ere ibilia naiz eta Getariako bandan ere jotzen dut.

48 urtetan etengabe jo duzu bandan?

-Ez, etenaldi bat izan genuen, 76an, berriz Orioko banda sortzekotan zenean. Ilusio handiarekin hasi ginen, baina fundamento asko ez zegoela konturatu ginenean, hurrengo urtean Hernanira bueltatu ginen.

Zure ustetan zergatik jarraitzen du Hernaniko bandak osasuntsu?

-Kultura gehiago dago itsas bazterreko herrietan baino. Lehorrean kultura gehiago dago musika gustatzen zaionarentzat. Gainera, Udalak bandako zuzendaria kontratatu zuen herriko jendeari musika irakasteko doan. Gauza handia izan zen. Orduan ez zegoen musika eskolarik herrian, ikasi nahi zuenak Donostiako kontserbatoriora joan behar zuen eta ordaindu.

Musika zaletasun handia dago herrian. Entzule asko joaten dira kontzertuak ikustera.

-Asko etortzen dira. Kultura handia dago.

Zein da urteko emanaldien artean gehien gustatzen zaizuna?

-Niretzat gauzarik politena festen aurreko Preludioa izaten da. Herrian dauden talde eta artista guztiek batera piezak jotzen ditugu. Banda utzi dut, baina Preludioan eta festetan jarraituko dut jotzen. Niri kontzertuak gustatzen zaizkit, baino batez ere kalean jotzea gustatzen zait. Oso polita da San Joan bezperan kaletan barrena martxa jotzea eta gero goizean diana jotzea. Hori zoragarria da. Olentzero kalejira ere egingo dut. Ez ditut pieza berriak ikasi behar, jadanik askotan jo ditut.

Zergatik erabaki duzu orain erretiroa hartzea?

-Urte asko daramatzat eta orain etortzen den gazte jendea maila handiarekin dator eta lekua utzi behar zaie.