altzaga - Ainhoa Aizpuru, Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako diputatua Altzagan izan da aste honetan, LandaGipuzkoa+ programaren bitartez gauzatu diren lanak eta egin diren hobekuntzak bertatik bertara ikusteko asmoarekin.

Altzagan ez dira geldirik egon eta hainbat berrikuntza egin dituzte azken bi urteetan. Aldundiak bertako frontoiaren babeserako 20.500 euroko diru-laguntza eman eta dagoeneko frontoia berrituta dute. Bestalde, programa honen bitartez Gaztainatxoetatik Burnisagastirako eta Abaligoenatik Burnisagastirako baserribideak ere berritu dira. Hobekuntza horietarako Aldundiak 34.000 euroko diru-laguntza eman du. Diputatuaren ustez “beharrezkoa da landa azpiegiturak eta bideak hobetzeko inbertsioak egitea, herrietako bizilagunen komunikazioa, garapena eta bizi kalitatea ziurtatzeko balio duela”.

Foru Aldundiak 2.500 biztanletik beherako udalerri txikietan, handiagoetan dauden zerbitzu eta ongizate maila ziurtatzeko abiatu zuen programa hau. - M.A.