ordizia - Erabat aldatu da Ordiziako San Bartolome auzoaren itxura Udala eta Aldundiaren artean egindako elkarlanari esker. Hainbat hilabeteren ostean bertan egin diren obrak amaitu dira eta atzo bertan Aintzane Oiarbide foru diputatua emaitza ikusten izan zen.

Aldaketa nagusia Ordiziako sarreraren antolaketa izan da. Berrikun-tzei esker, N-1 errepidetik atera eta Eroski paretik egin den errepide berria hartu behar dute gidariek bai ala bai, handik aparkalekutik pasa, ezkerrerantz hartu eta hirigunera iristeko zubi azpiko bide parera iritsi arte. Bertan lehen zegoen semaforo berdinak jarraitzen du eta herriko hirigunera iristeko bideak zabalik jarraitzen du, herritarrak parte hartze prozesu baten bidez hala erabakita. Ordiziatik irtetzerako orduan, semaforotik ezkerrerantz hartuta egin ahalko da hori. Bidea erabat berritu dute eta oinezkoentzako bideak handitu egin dira. “N-1eko sarrera irteera nabarmen hobetu da, segituan nabaritzen da aldaketa. San Bartolome kalea norabide bakarrekoa bilakatzeak espaloiak zabaltzeko aukera eman digu. Merkatal zentroa bertan dagoenez oinezko asko ibiltzen da zonaldean eta horiek segurtasunean asko irabazi dute”, azaldu du Oiarbidek. Bestalde, itxura txukuna emateko, hainbat loreontzi ere jarri dituzte.

Obrak iraun duten bitartean herritarren iritzia jasotzeko tartea ere aprobetxatu du Udalak, bukaerako erabakiak hartu baino lehen. Hala azaldu du Jose Miguel Santamaria, alkateak: “herritarren iritzia jaso nahi genuen trafikoa nola moldatu erabakitzeko. Hala, 403 eran-tzun jaso ziren San Bartolome auzoa eta Goierri kalearen arteko zirkulazioa nola berrantolatzeko galdetuta. Egindako galdeketan bi noranzkoak mantentzearen alde agertu ziren iritzia eman zuten 320 herritarek. Horregatik gehiengoak esandakoaren baitan antolatu da ireki berri den trafikoa”.

Berrikuntza hauekin auzoa askoz ere txukun eta garbiago gelditu da, hobeto antolatuta egoteaz gain. San Bartolome, poliki-poliki, auzo eraberritu batean bilakatu da.