Festetan murgilduta dabil Zelai Ondo auzoa
Zarauzko auzoaren festen baitan, San Juan sua ospatuko dute Mitxelena kaleko zelaian (22.30)
Zarautz - Atzo hasi ziren Zarauzko Zelai Ondo auzoko jaiak eta gaur eta bihar ere egitarau zabala izango da. Dena den, gaurko ekintza nagusia Mitxelena kaleko zelaian egingo den San Juan sua izango da, 22.30ean.
Zentzu horretan, Jai Batzordeko kideek adierazi dute ez dituztela sutara botatzeko gauzak onartuko: “Jakitun gara azken urteotan ohitura bilakatu dela eskolako liburuak eta apunteak erre-tzea, baina, era berean, kontziente gara haize apur batek harrotuta oso arriskutsua izan daitekeela, erretako paperak suzko bola bilakatzen baitira, eta ikusleengana hel daitezke. Ondorioz, segurtasun arrazoiengatik hain zuzen, ez dugu sutara botatzeko ezer onartuko. Gu geu arduratuko gara erretzeko materiala ekar-tzeaz”.
San Juan sua baino lehen, ordea, egongo da zer egina auzoan. Goizeko 9.00etan hasiko da festa giroa Goizeko Ihintza txistulari taldearekin, eta 11.00etatik 14.00etara haurrentzako puzgarriak egongo dira pistan. Gainera, Zelai Ondoko V. Patata Tortila Txapelketa ospatuko da eta marrazki txokoa ere izango da. Arratsaldean ere haurrentzako puzgarriek jarraituko dute, eta horretaz gain, V. Auzo Krosa (17.30), eta apar festa (19.00) izango dira. Eta arratsaldea aurrera doan heinean, tripak betetzeko aukera izango da bolatokian egongo den parrillada eta sardina janarekin, 19.30etik aurrera. Ondoren, kalejira egingo da elektrotxarangarekin suaren ingurura iritsi arte, eta 23.30ean, berriz, itzulera egingo dute bolatokira Fan & Go-ren kontzertuarekin gozatzeko. - A.R.