Síguenos en redes sociales:

Literatura eta musika elkarrekin, Beasainen

Beasaingo BHI institutuaren 50. urteurrenaren harira ostiralean egingo dute saioa ‘Xabier Lete gogoan’ izenpean

Literatura eta musika elkarrekin, Beasainen

beasain - Ekintza ugari antolatu ditu Beasaingo BHI institutuak 50. urteurrenaren harira. Besteak beste, ikasle izan direnek hitzaldiak eskainiko dituzte, nork bere eremuan. Ostiral honetarako ere ekitaldi berezia antolatu dute eta kasu honetan, musika izango da nagusi. Hain zuzen ere, 18.30ean hasita musika eta literatura uztartuko dituen ekitaldia antolatu dute Igar-tzako jauregian. Xabier Lete gogoan jarri diote izenburua emanaldi honi eta jakinarazi dutenez, “denboraz eta mimo handiz prestatutako ekitaldia da”.

Ostiralerako Xabier Leteren 15 poema aukeratu dituzte eta Irati Goikoetxea beasaindar idazleak egingo ditu aurkezpen eta lotura lanak. Saio honetan parte hartuko duten musikariak besaindarrak izango dira, oso ezagunak eta maila handikoak. Batetik, Karlos Gimenez pianojolea eta sortzailea izango da eta bestetik, Martin Kortaberria biolinjolea.

Bi musikari hauek lagunduta bederatzi poema kantatuko dituzte Maria Redondo, telebistako Bagoaz! lehiaketako irabazle legazpiarrak eta Ander Sarriegi beasaindarrak.

Errezitatzaileak, berriz, Irati Goikoetxea bera, Maddi Aiestaran beasaindar idazle eta bertsolari gaztea eta Gabino Murua Gabiriako irakasle ohia izango dira. Musikaz lagundurik errezitatuko dituzten poemetako batzuk honakoak izango dira: sinisten dut, neguan izan zen, baztango lurra, aberri ilunaren poema eta esku hutsik hiltzen gara.

Bestalde, hilaren 16an bukatuko ditu institutuak 50. urteurren honetako ekitaldiak, eta horretarako atzoko eta gaurko ikasle, irakasle eta gurasoekin egingo dute herri bazkaria. Txartelak salgai daude Beasainen Bideluze, Black Label, Guria, Kuluska, La Goleta, Lauburu eta Plazape tabernetan, Ordizian Amonanen, eta institutuan, Txindoki egoi-tzan eta Loinazpe egoitzan. - M.A.