Síguenos en redes sociales:

San Adriango erromeria ospatuko dute gaur

Kobazuloan meza entzun ostean, Zegama eta Segurako alkateekin makila trukea egingo du Idiazabalgo alkateak

San Adriango erromeria ospatuko dute gaur

idiazabal - San Adriango erromeria ospatuko dute gaur idiazabaldarrek. Aspalditik ospatzen den ohitura da, izan ere, garai batean idiazabaldarrek Patzorneriako lurretara beren ganaduarekin iritsi ahal izateko Segura eta Zegamako herrietatik derrigorrez pasa behar izaten zuten. Ibilbide horren oroimenez idiazabaldarrek erromeria egiten jarraitzen dute, urtero.

Hala, gaur goizean goiz abiatuko dira Idiazabaldik Otsaurteraino eta handik San Adriango kobazuloko ermitaraino oinez joango dira. Bertan, ohiko meza entzun ondoren salda eta ardoa banatuko dituzte eta jarraian Zegamara elorri zuriz apainduriko autoetan jaitsiko dira ohiturari jarraituz. Herriaren sarreran dagoen Santa Kutz baselizan Zegamako alkateak, Joseba Izagirrek, ongi etorria emango die, aginte makila Idiazabalgoarekin elkar trukatzen duen bitartean. Makil trukaketaren esanahia honakoa da: idiazabaldarrak herria zeharkatzen ari diren bitartean, Zegamako Alkateak Idiazabalgo alkateari sinbolikoki agintzeko boterea ematen diola.

Talde osoak herriko kaleak guru-tzatu ohi dituzte erromeria moduan eta txistularien laguntzarekin egiten dute bide hori, eta behin Zegamako plazara iristen direnean, emakume batek Idiazabalgo alkateari, Ioritz Imazi, arrosa erramu bat eskainiko dio. Herri irteeran, berriz ere, agintariek aginte makila elkar trukatzen dute, boterea herriko alkateari itzuliz. Horrela, Seguraraino joango dira partaideak, eta bertan berriz ere aginte makilak elkar trukatuko dituzte Imazek eta Eñaut Telleriak, Segurako alkateak. Hori egin ostean Udaletxean mokadutxo bat jateko parada izaten dute indarrak berreskuratzeko asmoarekin.

Erromeri eta ohitura zaharrari eutsi eta amaiera emateko, Idiazabalera itzuliko dira guztiak eta bertan herrian barrena itzuli bat eman ostean bazkari herrikoi bat egingo dute. - M.A.