Gure Esku Dagok giza katearen aldeko festa antolatu du
12.00ETATIK AURRERA, HERRI KIROLAK, TAILERRAK, HAUR TXOKOA, PAELLA ERRALDOIA ETA MUSIKA EGONGO DIRA | Urretxun
urretxu - Gure Esku Dagok (GED) Donostia, Bilbo eta Gasteiz batuko ditu ekainaren 10ean giza kate erraldoi batekin: 201,9 kilometro eta 100.000 lagun. Urretxu eta Zumarragako GED taldeak Izen Emate Masibo festa antolatu du gaurko, giza katerako jendea lortzeko.
Festa hau Gernikako Arbola plazan izango da. Herri kirolak, tailerrak, haur txokoa, paella erraldoia eta zuzeneko musika egongo dira 12.00etatik aurrera.
Ekainaren 10eko gizakatean, urretxuar eta zumarragarrei Arabako lautadara joatea egokitu zaie. Murgia aldera. Autoentzako nahikoa aparkalekurik egongo ez denez, autobusean joatea komeni da. Bi autobus egongo dira: egun osokoa eta goizekoa. Biak 8.30ean irtengo dira, Zumarragako plazatik. Goizekoa giza katearen ondoren itzuliko da herrira. Egun osokoak herritarrak Gasteizen ospatuko den festara eramango ditu. Arratsaldean itzuliko da Urretxu-Zumarragara.
Izena ematen dutenei, giza katean erabiltzeko eta erabakitze eskubidearen aldeko arrazoiak idazteko zapi bat emango zaie 5 euroren truke. Autobusari dagokionez, helduek 10 euro ordainduko dute eta haurrek 5.
Izena eman nahi dutenek, arratsaldero horretarako aukera dute: 19.00etatik 20.00etara Areizaga-Kalebarren plazan. Gaurko festan ere eman ahal izango da.
Gure Esku Dagok herritarrak hilaren 10eko giza katean parte hartzera eta erabakitze eskubidearen alde lan egitera animatu ditu. “Hezkun-tza sistemaren, pentsioen, hizkun-tza eskubideen, parekidetasunaren, lan baldintzen... inguruan, bertan, gure herrian erabakitzeak, herritar guztiontzako onurak ekarriko lituzke ezbairik gabe”. - A.Z.