Zizurkil - Euskararen Astea ospatuko dute aste honetan Zizurkilen eta horretarako bi ekitaldi iragarri dituzte.
Lehenengo hitzordua ostegunean izango da. Andoni Egaña bertsolari eta idazleak Euskara: ondo al goaz? izenburua daraman hitzaldia eskainiko du, 19.00etan, Atxulondo kultur etxean bertaratzen direnen gogoeta eginarazteko.
Larunbatean, aldiz, Euskararen Eguna izango da Joxe Arregi plazan. 11.00etan hasita, festa-giroz beteko da Zizurkil. Herriko talde eta eragileen laguntzaz, zazpi postu izango dira plazan, Euskal Herriko zazpi lurraldeen erakusgarri. Bertan, lurralde bakoitzeko berezitasunak ikusi ahal izango dira, bakoitzeko turismo-eskaintza, eta lurralde bakoitzeko pintxo eta edariak dastatzeko aukera ere izango da.
Horrez gain, irakurketa jarraituaz gozatu ahal izango da Plazida Otaño liburutegiko atarian. Ordezkari bakoitzak kontakizun bat irakurriko du bere euskalkian, euskararen aberastasuna eta aniztasuna agerian utziz. Parte-hartzaileak honakoak izango dira: Juan Kruz Igerabide (Gipuzkoa), Onintza Enbeita eta Ana Urkiza (Bizkaia), Julio Soto (Nafarroa), Daniel Landart (Lapurdi) eta Ttittika Rekalt (Zuberoa). - M.S.S.