ormaiztegi - Urtero ospatu ohi da mundu osoan Liburuaren, Haur Liburuen zein Olerkiaren eguna, eta Ormaiztegin, duela bost urtetik ospatzen dituzte egun hauek azoka ezberdinekin.
Iazko ildoari jarraituz, liburu, olerki, esaera zahar, asmakizun, kantu, ipuin labur, laudorio edota bertsoak jaso eta trukatu nahi dituzte eta horregatik antolatu dute gaur arratsalderako Letren II. Truke lehiaketa. 16.00etatik 18.00etara egingo da, Udaletxe aurrean.
Hala, euskaraz idatzitako laudorio, olerki, esaera zahar, bertso edota asmakizunak liburuekin trukatzeko aukera izango dute parte-hartzaileek eta onenek saria izango dute. Mota guztietako liburuak egongo dira trukatzeko eskuragai, hala nola, komikiak, euskarazko eleberriak, gaztelerazkoak, haur liburuak zein gaztetxoenak.
Aurkezten diren lan bakoitzeko liburu bat bereganatu ahalko dituzte partaideek. Egitasmoan, gainera, 6 urtetik gorako edozein pertsonak parte har dezake. Gaur bertan aurkeztu ahalko dira lanak liburutegian edo kultura.ormaiztegi@gmail.com helbidean. Lanarekin batera, parte-hartzailearen adina, izen-abizenak eta kontakturako telefono edota emaila adierazi beharko dira. Antolatzaileek parte hartzeko deia zabaldu dute, euskaraz irakurri eta sor-tzeari bultzada emateko asmoarekin. - M.A.