Errenterian bihar, 39 sagardo dastatzeko aukera
Goizean Gorena markako edariak, eta arratsaldean, Gipuzkoako Egileenak
Errenteria - Bihar, 30. Sagardo Eguna ospatuko dute Errenterian ohiko egitarauarekin. Eguerdi partean 12.00etatik aurrera, Gorena markako sagardoa dastatzeko aukera izango da Foru plazan eta inguruetan. Sagar bilketaren eta antzinako sagardogintzaren erakustaldia ere burutuko dira.
Arratsaldean, berriz, 18.00etan Zumardia izango da festa handiko agertokia. Bertan, Gipuzkoako Sagardo Egileen Elkarteko sagardotegietako edariak dastatu ahal izango dira: Aburuza, Araeta, Astarbe, Iparragirre, Bereziartua, Lizeaga, Petritegi eta Oiarbide.
Guztira, biharko festan, 39 sagardotegiek parte hartuko dute. Baina edatekoaz gain mokaduak hartzeko aukera ere izango da. Zumardian ohi denez, Eusko Labeleko txahala erre-tzen hasiko dira goizean. Gainera zenbait postu ere jarriko dituzte: Ataungo eta Oreretako talogileak, Aparola baserriko barazkiak, Usurbilgo eta Ermuako gozogileak eta Lukugaraingo gaztak.
Txotxetan parte hartu ahal izateko, Zumardian kokatuko duten postuan kit-a eskuratu beharko da. Kit horretan, basoa, zapia eta txekor pintxoa jateko aukera emango duen papertxoa sartzen da
Musikak eta euskal doinuek ere bere tokia izango dute herriko dultzaina jotzaileekin, gaiteroekin, Oarsoaldeko txistulariekin, Lezoko Tomas Garbizu musika eskolako ikasleekin eta Andoni Elizondoren trikiti taldearekin. Ereintzako dan-tzariek zer eskaini ere izango dute festa giroa alaitzeko. Eguna borobila izateko eguraldia lagun izatea besterik ez da falta.
Azkenik oroimenerako momentuak ere egongo dira. Izan ere, Sagardo Eguneko aurkezpenean, Oarsobidasoako Hitzak jasotzen duenez, aurten zendu diren Joxe Angel Parada, Paco Sanz eta Paki Perez omendu zituzten, baita Iparragirre sagardotegiko Antonio ere. Arramendin sagarrondo bana landatu zituzten.
Aro berri bat Alabaina, 30. edizio honetako berri garrantzitsuena orain arte festa hau antolatu duen lantaldea erretiratu egingo dela da. Dagoeneko datorren urteko Sagardo Egunaz nor arduratuko den bila-tzen ari dira. Baliteke, lekukorik agertuko ez balira festa gehiagotan ez ospatzea.