Villabona - Asuncion klinikako langileen ordezkariek aurkeztutako mozio bat eztabaidatu eta bozkatu da aste honetako osoko bilkuran Villabonan. EAJ eta PSE-EEko ordezkariek mozioaren kontra bozkatu eta kontra-mozio bat onartu zuten. EH Bildu, aldiz, langileek aurkeztutako testuaren alde agertu zen.

Saioa hasi aurretik, hainbat langilek kontzentrazioa egin zuten udaletxeko atarian eta horietako batzuk pleno aretora igo ziren osoko bilkurara. Klinikako langileak lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmen duin baten alde borrokatzen ari dira 2017ko abendutik. Langileen ordezkari batek hitza hartu zuen bizi duten egoeraren berri emateko.

EAJren izenean, Eneko Urdangarin zinegotziak, kontra-mozioa defendatu zuten, bere ustez, langileek aurkeztutakoa baino “egokiagoa eta eraginkorragoa” zelako. Langileekin hitz egiteko prest agertu zen, baina ez horrela, plenoa bezalako bilera irekietan.

EH Bilduren iritziz, Tolosaldeko “edozein arduradun politikok sinatu beharko lukeen mozioa” aurkeztu zuten langileek. “Izan zaitezte ausartak eta esan ezazue benetan pentsatzen duzuena, klinika gaur egun dagoen bezalaxe oso ondo dagoela”, esan zuen Xabat Laborde zinegotziak udal gobernuari begira. - M.S.S.