Villabona - Behar Zana pilotaleku estaliaren obrei hasiera eman zaie itxitura perimetrala ipintzeko helburuarekin. Astelehenean hasi ziren beirate moduko hesi jartzeko lanak.

Villabonako Udalak azken urte hauetan instalakuntza hau erabiltzen aritu direnek eginiko eskakizunei erantzuna eman nahi izan dio. Horrela, pilotalekuaren kontrola eta erabilera hobetu nahi da eta, aldi berean, espazioaren erabilera zailtzen duten neguko hilabeteetako tenperatura hotzei aurre egin ahal izatea.

Itxitura pilotalekuaren ekialdeko luzera guztian ipiniko da (plaza aldera) eta eskaileren lekuan ateak jarriko zaizkio estetikoki berdina geratu dadin. Hesia arotzeri metaliko bitartez egingo da eta modularra izango da, beirate modura, lurretik sabaira doan tartea itxiz. Proiektuaren arabera, itxitura honen goiko aldea xafla metaliko batzuekin errematatuko da, estrukturari gehituko zaizkionak eta pilotalekuaren aireztapen egokia bermatuko dutenak.

Ordenantza betearazi Behin obra bukatu ostean, Behar Zana pilotalekua gauez itxi ahal izango da, Amasako pilotalekuarekin egiten den bezala, eta horrela erabilera desegokiak ekidin ahal izango dira.

Bide batez, Villabonako Udalak, gai honen inguruan onartu berria den ordenantzan oinarrituz, publizitatea eta propaganda itxitura berrian jartzea erabat debekatua geratzen dela gogorarazi du, baita pilotaleku osoan ere. - M.S.S.