ezkio - Larunbatean barrikote festaren 15. edizioa ospatuko dute Ezkioko Igartubeiti baserri-museoan. Festa hau prozesu luze baten azken emaitza da: Igartubeitin egindako sagardoa probatzeko eguna. Hori dela eta, egun osoan ekitaldiak egongo dira: tailerrak, bisita gidatua, bazkaria, bertsolariak...

Jaia 12.00etan hasiko da, haurren-tzako tailer batekin. Sandra Clivillek artile garbia kardatu eta haria egiten irakatsiko die. 12.30ean bisita gidatua egongo da. Maider Zubikara agronomoak, Andrea Goñi albaitariak eta Nekane Tomasena nekazariak emakume baserritarrek egiten zuten lanari buruz hitz egingo dute.

14.00etan bazkaria izango da. Ondoren, 16.30ean, Nerea Elustondok eta Maialen Akizuk ordubeteko bertso saioa eskainiko dute. Gai jartzaile lanetan Eresti Oiarbide arituko da. Emakumeek baserrian izan duten presentziari buruz abestuko dute, besteak beste. Bitartean, haurrek Mihiluze tailerrean parte hartuko dute: hitzekin jolastuko dute.

18.00etan barrikotea irekiko dute. Sagardoa, gazta eta Bertatik Bertara produktuak dastatzeko aukera egongo da eta Zumarragako Trikitixak festa girotuko du. Bertaratutakoen artean Bertatik Bertara egitasmoko bi saski zozkatuko dituzte. Bertatik Bertara proiektuaren helburua eskualdeko baserrietako produktuen kontsumoa sustatzea da.

Aipatu bezala, ospakizun hau prozesu luze baten emaitza da. Sagardoa dastatu aurretik, lan asko egin behar izan da: sagarrondoak zaindu, sagarrak bildu, dolarean zanpatu eta muztioa kupeletan irakin. - A.Z.