Orio - Orio gara! lelopean, Orioko Herri Ikastolak 2018-2019 ikasturteko matrikulazio kanpaina jarri du martxan, eta hilaren 29tik otsailaren 9a bitartean izango dute haurren gurasoek matrikula egiteko aukera.
Zigor Saizar zuzendariak aurkezpenean azaldu zuenez, matrikula egin nahi dutenek 8.30etik 13.30era eta 14.30etik 18.30era egin ahal izango dute, familia liburua, nortasun agiriaren kopia eta umearen udal-errolda agiria aurkeztuta.
Gainera, guraso bilera eta ate irekien jardunaldia antolatu dituzte. Informazio bilera gaur bertan egingo da Ikastolako HH 2-3 espazioan, 17.00etan euskaraz eta 18.30ean gazteleraz. Bestalde, ateak zabalduko dituzte larunbat honetan 11.00etatik 12.30era, eta bertaratzen direnek informatu eta ikastolako txoko guztiak ezagutzeko aukera izango dute. Azkenik, urtero legez, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen ikuskizun berria, Borobilean, ikusteko aukera izango da hilaren 26an, Karela kiroldegian. Sarrerak idazkaritzan eta Kutixi kafetegian eskura daitezke, zazpi eurotan. - A.R.