Zestoa - Urtero bezala, Zoroperia eguna ospatuko da Zestoan abenduaren 26an. Hala, asteartean egitarau zabala izango da herrian goizetik hasita.

Idiakaitz txistulari taldearen dianarekin hasiko da eguna (9.00), eta ohi bezala, Barazki eta Fruta Lehiaketa, Zestoako Gazta eta Sagardo Lehiaketa, eta Urolako Ezti lehiaketa izango dira. Modu honetan, erlea, erlezaintza eta erlauntza produktuen erakusketa didaktikoa izango da eta gaiaren inguruko azalpenak emango dira 12.20etik aurrera.

Bestalde, trikitilarien kalejira eta emanaldia, photocall saioa, eta gazta eta sagardo dastaketa izango dira goizean zehar. Arratsaldean berriz, haurrentzako txotxongiloak (17.30), bertso poteoa (18.00) eta Obaneukeren erromeria izango dira (20.00 eta 22.00etan). - A.R.