legazpi - Aitor Gurrutxagak Martin Ugarte Saletxe poeta legazpiarrari buruzko lan bat egin du Burdinola elkartearen Txinpartak aldizkarirako. Gaur aurkeztuko dute, 19.00etan, Telleriarteko Arrizabala elkartean.

Gurrutxagak Aizkorri artzain poema eta Tankalaren leloa poesia lanak ikertu ditu eta idazlearen eta bere obraren ikuspegi berritzaile bat plazaratu ditu. Legazpiko poetaren barrokismoa aipatu izan da beti eta Gurrutxagak bere obrara sartzeko giltza eman die irakurleei.

Saletxe 1916an jaio zen izen bereko baserrian eta 1996an hil zen. Bi alaba eta lau biloba izan zituen. Tere Belokik Txinpartak aldizkarirako jasotako informazioaren arabera, umetatik izan zen irakurzalea eta Brinkolako eskolan irakasle izan zuen Don Geronimo apaiz beasaindarra aipatu ohi zuen bere idazle grinaren esnale. Astero Argia ematen zien irakurtzeko eta 14 urterekin Saletxe Brinkolako berri ematen hasi zen aldizkari horretan. Ordurako, Zumarragako olerki lehiaketa batean sari bat irabazia zen.

14 urterekin, eskola utzi eta artzain hasi zen bere aitarekin. 17 urterekin Patrizio Etxeberriaren lantegian hasi zen eta han lan egin zuen erretiroa hartu zuen arte. Gerra ondoren, parrokiaren Sed de conquista aldizkariko euskarazko orria idazteari ekin zion.

Baserriko eta fabrikako lanek uzten ziotenean landu zuen bere zaletasuna. Baserriko sukaldea zuen idaztoki. Olerkiak idatzi zituen batez ere. 1958an Hondarribiko Basurko saria jaso zuen eta bere lan gehienek Amorebieta-Etxanoko Olerti Egunean sariak irabazi zituzten.

Bere poemak aldizkari askotan argitaratu ziren, baina bere lehen liburua prosazkoa izan zen: On egiñaren obaria (1972). Berak jaso eta bizi izandakoa ondorengoei transmititzea zen bere kezka nagusia. Hala, ingurukoei entzundako hitz eta esamoldeekin bi liburu idatzi zituen. - A.Z.