Mondeju eta Aralarko gazta lehiaketa, bihar Zaldibian
Ardiki eguna ospatuko dute eta lehiaketez gain, musika zein ganadu erakusketak egongo dira
ataun - Zaldibiako Ardiki Kofradiak urtero urriko azken iganderako antolatzen du Ardiki Eguna, eta beraz, bihar giro oneko festa izango dute zaldibiarrek. Ohiko legez, Aralarren eremuko artzan-tza, ardia eta ardikiak izango dira protagonista nagusiak, baina ez bakarrak. Goizeko 10.30ean hasiko dute azoka plazan eta ganadu erakusketa ere jarriko dute. Erakusketa hori 9-10 lote ahari, ardi eta bildotsekin; pottoka talde bat; eta ahuntz azpigorriekin izango da osatuta. Horrez gain, artisautzako produktuak ere erosteko aukera izango da eta 20 postu inguru jarriko dituzte herrigunean. Bi lehiaketa nagusi ere izango dira, mondeju eta Aralarko gaztarenak, horiek 11.30ean hasiko dira, eta sari-ematea 13.30ean izango da. 12.00etan, berriz, astazerra erakustaldia egingo dute, garai bateko eran zura ebakitzeko, arpana eta trontza portugaldarra erabiliz.
Festarik gabeko musikarik ez dagoenez, Hernaniko musika eskolako ikasleak, Zaldibiako txistulari taldea eta Estanga anai-arreba trikitilariak ibiliko dira kalerik kale giroa alaitzen. Bertsoek ere izango dute haien tartea eta Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso Zaldibian izango dira saio bat eskaintzeko asmoz. Bestalde, 18.30ean Goierriko 4. Erromeria Birako dantzaldiari hasiera emango diote.
lehiaketak Mondejuaren garaia dagoeneko hasita dago eta jaki horren txapelketa egingo dute, aurtengoa 23. edizioa izango da. Hala, hestebete zuri hori egiten duten zaldibiarren artean egingo da txapelketa hau. Hogei partaide inguru izatea espero dute eta bakoitzak bosna kana mondeju aurkeztu behar izan ditu parte hartu ahal izateko. Epaimahaiari dagokionean, mondejuak nolakoak dauden erabakitzen hiru aditu ariko dira: Matias Gorrotxategi, Tolosako Julian jatetxekoa; Iban Mate, Beasaingo Dolarekoa; eta Joxe Manuel Olano, Beasaingo Olano harategikoa.
Beste lehiaketa bat ere egingo dute biharkoan: Aralarko gaztaren 20. txapelketa. 17 gaztak parte hartuko dute eta epaimahaia herritarrek eta hiru adituk osatuko dute: Joseba Beitia, Orexako Oihan Txiki kooperatibakoa eta Lurlaneko teknikariak; Eneko Azurmendi, Lazkaoetxekoak; eta Ander Barandiaran, Idiazabalgo artzainak. - M.A.