Tolosa - Hamargarren urtez bedaiotarrek azoka berezia antolatu dute biharko. Tolosako udalak, iaz egindako probaren eran-tzun baikorrari eutsiz, autobus zerbitzu berezia jarriko du landa auzo honetara iristeko.

Azoka berezia 10.45ean hasi eta 13.45ak arte luzatuko da eta zer ikusi, dastatu eta erosi ahal izango da. Sagardoa nola egiten den azalduko dute tolare txiki baten bidez sagardotarako sagar ekologikoa ekoizten duten Aitziber eta Fernandok. Baserriko animaliak ikusteko aukera ere izango da eta erleen hainbat produktu erosteko bidea ere; Eladio erlazainak kristalezko erlauntza jarriko du ikusgai.

Hamargarren urteurrenean landare eta loreetan aditua den Jakoba Errekondo gonbidatu dute eta Landareak lantzen gida-liburua salgai izango du.

Azken urte hauetan azokako gune garrantzitsua bilakatu du Erakustoki Txokoa. Aurtengo gaia musika instrumentuak izango dira eta tarte berezia egingo zaio garai batean San Juan egunez Bedaioko baserrien artean idi adarren soinuez egiten ziren doinu jokuei. Haziekin egindako eskulanak eta talo tailerra ere ez dira faltako.

Artubi elkarteak babarrun jana antolatu du ondoren eta salgai izango dira txartelak 20 euroan.

Autobusa Tolosatik Bedaioara joateko, lehen autobusa 10.45ean San Frantziskon izango da, 11.00etan Alegiako Eskoletako geltokian, eta 11.10ean Ugarten; bigarrena, aldiz, 12.00etan San Frantziskon, 12.15ean Alegian eta 12.25ean Ugarten. Itzultzeko, bi zerbitzu izango dira: 13.00etan eta 13.45ean Bedaioko eliza paretik. - M.S.S.