Ataungo hiru auzoetan barrena, korrikaldia
San Martin, San Gregorio eta Aia auzoak zeharkatuko ditu biharko lasterketak
ataun - Bihar goizean Ataungo hiru auzoetan barrena (San Martin, San Gregorio eta Aia) 37. lasterketa antolatu du Ataun Kirol Elkartearen atletismo taldeak. Aurtengo edizioa Joxe Martin Barandiaran Agirre ‘Mantza’-ren omenezkoa izango da, 2015eko abuztuan hil zen ataundarra izango dute gogoan.
Lasterketa goizeko 11.00etan hasiko da San Martinen, ondoren San Gregorion barrena joango dira korrikalariak, Aiako plazan itzulia hartu eta berriz ere San Martinen amaituko dute ibilbidea. Izena aurrez Interneten bidez eman daiteke kirolprobak.com edo ataun.eus helbideetan 12 euroren truke; baina egunean bertan ere aukera egongo da apunta-tzeko, 10.00etatik aurrera irteeran izena emateko 15 euro ordaindu beharko dira.
Ataun herri zabala da eta dudarik gabe, biharkoa proba gogorra izango da. Guztira, 17,3 kilometro osatu beharko dituzte korrikalariek eta hori egiteko gehienez ere bi ordu izango dituzte.
Sariei dagokionez, parte har-tzen duten korrikalari guztiek jasoko dute opari bana. Ataungo produktuz hornitutako poltsa lortuko dute eta sagardoa, gazta zati bat eta pastak aurkituko dituzte bertan. Merkatariek eta ostalariek ere beste sari batzuk jarriko dituzte, zotz egiteko.
Lasterketa azkarren amaitzen duten hiruek, beterano, herritar eta herritar beterano onenentzat ere sariak izango dira. Gainera, denbora-errekor berria egiten dutenentzat 300 euroko gainsaria egongo da. Gizonezkoetan orain arteko denbora onena 56:12koa da eta emakumezkoetan, berriz, 1:06:00koa. - M.A.