Síguenos en redes sociales:

Floreagak gaur abiatuko ditu kultur jardunaldiak Azkoitian

Garbiñe Biurrun epailearen hitzaldi batek irekiko du aurtengo egitaraua

Floreagak gaur abiatuko ditu kultur jardunaldiak Azkoitiann.g.

azkoitia - Azkoitiarrek Floreaga salestar ikastetxeak eta bertako Guraso elkarteak elkarlanean antolatzen dituzten XXVIII. Euskal Kultur jardunaldiekin disfrutatzeko aukera izango dute hilabete honetan zehar. Aurtengo edizioan hiru saio egingo dira; denak doanekoak eta interesa duten herritar guztien partaidetzari irekita egongo direlarik.

Edonola ere, 2017ko Euskal Kultur jardunaldien egitarauari hasiera ona emateko Garbiñe Biurrun epaile ezagunaren hitzaldia izango da gaur (20.00etatik aurrera) Floreaga ikastetxeko Don Bosco aretoan.

Lehen saio honetan Garbiñe Biurrunek Justizia eta gizartearen hainbat arazo gaiari buruz hitz egingo du ekitaldira gerturatzen diren guztien aurrean eta Joxe Agustin Arrieta irakasle azkoitiarra arituko da gidari lanetan.

Floreagako jardunaldien programarekin jarraiki, bigarren saioa egingo da hilaren 10ean (20.00etan eta ikastetxeko Don Bosco aretoan).

Egun horretan, mahaingurua egingo da, Alai Batza: 30 urte izenburupean eta Koldo Vergara, Cristina Arrizabalaga, Zezilio Salas eta Amaia Arteagaren partaidetzarekin. Moderatzailea, berriz, Jose Kruz Gurrutxaga aktorea izango da.

Ekimenaren antolatzaileek jakinarazi dutenez, “Alai Batza taldeak 30 urteko historia oparoa du jada eta hilaren 10eko mahaingurura hurbiltzen direnek bere sorrera, ibilbidea eta ezaugarriak ezagutzeko aukera bikaina izango dute”.

amaitzeko, kantu jira Floreagako XXVIII. Euskal Kultur jardunaldiak borobiltzeko hirugarren saioa egingo da maiatzaren 25ean. Hori bai, egun horretan ez da inolako hitzaldi edo solasaldirik egongo. Izan ere, antolatzaileek kalera atera nahi izan dute programa eta egun horretarako kantu jira prestatu dute erdiguneko kaleetan zehar, beti ere, “betiko euskarazko kantu tradizionalak lagun artean kantatzeko”.

Floreaga ikastetxeko familiak azkoitiar guztiak animatu nahi ditu hilabete honetako kultur ekitaldietan parte hartzera.