Orio - Orioko Udalak hainbat pertsona hartuko ditu lanerako uda honetan eta deialdia egin du lanpostu horiek betetzeko. Deialdian parte hartu ahal izateko, langabetua izan behar da eta Orion erroldatua, gutxienez, 2017ko urtarrilaren 1az geroztik.
Lanpostuak honakoak izango dira: kabinen garbitzailea (1), kanpineko komunen garbitzailea (2), udaltzain laguntzailea (2), kanpineko zaindaria (1), txu-txu trenaren gidaria (1). Lanpostu horietaz gain, turismo bulegorako eta kanpineko harrerarako pertsona bat hartuko dute uda denboraldian, denboraldi baterako eta asteko 30 ordurako, eta deialdi honetan parte hartzeko ere langabetua izan behar da.
eskaerak, Martxoaren 31 arte Bi aukeretarako eskabideak udal bulegoetan aurkeztu behar dira. Lehenengoaren kasuan, bertan emango den eskaera-orria bete beharko da, eta ondoren, probak apirilaren 8an egin beharko dira, Orioko kultur etxeko areto nagusian, goizeko 9.00etan hasita. Turismo bulegoan eta kanpineko harreran lan egiteko, berriz, curriculumak aurkeztu beharko dira, titulazioak behar bezala akreditatuz. Eskatuko diren titulazioak hauek izango dira: EGA, First Certificate edo baliokidea edo Proficiency titulua, eta Jarduera Turistikoetarako Teknikari titulua Turismoko Goi Mailako Zikloa.
Bi aukeren kasuan eskabideak atzotik hasita aurkeztu daitezke datorren martxoaren 31 bitartean, egun hori barne. Udal bulegoen ordua honakoa da: astelehenetik ostiralera, goizeko 8.30etik 14.30era. - A.R.