hondarribia - Hondarribian euskarak duen kale-erabilera maila %24,6koa da. Erabilera maila hau Gipuzkoan batez bestekoa den 32,7%aren aldean zortzi puntu beherago dago, nahiz eta Hondarribian euskarak duen ezagutza maila, %60koa, lurralde historikoko %53,2aren gainetik egon arren.

Hauxe da Soziolinguistika Klusterrak Hondarribiko Udalaren enkarguz iazko udazkenean egindako ikerketak eman duen emaitza orokorra. Emaitza hau eta xehetasun guztiak kluster honetako kide den Belen Urangak azaldu zituen atzo arratsaldean, Kultur Etxean egindako ekitaldi publikoan.

Hondarribiarren ia laurdena, %24,6 zehazki, euskaraz aritzen da kalean, %73,2ak gaztelera erabili ohi du eta populazioaren %2,2a beste zenbait hizkuntzetan aritu ohi da.

Urangak azaldu zuenez, “emakumezko eta gizonezkoen ahozko-erabilera mailan ez dago alde nabarmenik, lehenengoen %24,4 aritzen baita euskaraz eta bigarrengoen %24,8ak erabiltzen baitu euskal hizkuntza”.

gazteek, gutxien Adin tarteka badaude, ordea, alde nabarmenak Hondarribian egiten den euskararen ahozko-erabilera mailan. Horrela, Soziolinguistika Klusterrak egindako ikerketaren arabera, “2 eta 14 urteko haurrak dira euskara beraien artean gehien erabiltzen dutenak (%41,6ak egiten du hau) eta gazteak dira gutxien erabiltzen dutenak (%11,3)”.

Ikerketa honek “helduek (%20,1) eta adinekoek (%20) antzeko erabilera egiten dutela” erakutsi duela azaldu zuen Belen Urangak.

ezagutzaren azpitik Ohikoa da, nonahi, euskararen ezagutza eta erabilera mailen artean alde haundia egotea. Hondarribian ere, hala dela azaldu du Soziolinguistika Klusterraren ikerketak, baina badu ere irakurketa deigarri bat. “Hondarribian ezagutza maila %60koa da, Gipuzkoak duen %53,2aren ia zazpi puntu gehiagokoa, baina aldiz, ahozko erabilera, lurraldeak duen batez besteko %32,7aren ia zortzi puntu azpitik” dagoela azaldu zuen Belen Urangak.

Hondarribiko Udalak, talde politikoek eta beste zenbait gizarte eragilek izango duten datu guzti hauen inguruan zer esanik, datozen egunetan. Bitartean, gaurtik aurrera, www.hondarribia.eus webgunean edonoren eskura egongo da Soziolinguistika Klusterrak egindako azterketa honen txostena.