Oiartzun - Oiartzungo bi taldek parte hartuko dute aste honetatik aurrera jokatuko den Gipuzkoako Herriarteko Bertsolaritza Txapelketan, Josune Cousillasek, Kultura zinegotziak, eta bi taldeetako ordezkariek atzo jakitera eman zutenez.

Aste honetan hasiko da txapelketa bi taldeentzako, etxetik kanpoko jardunaldietan. Joka-tzen lehenak Lexoti taldekoak izango dira, datorren ostiralean Azpeitian. Martzelina taldea egun bat beranduago estreinatuko da txapelketan Oñatin. Herriko bi bertsolari gogora ekarriz eta omenduz aukeratu dituzte Herriarteko Txapelketarako izenak: Jose Luis Lekuona Lexoti eta Galtzatako Martzelina Lopetegi.

Talde bakoitza bertsolariek, gai-jartzaileak, epaileak eta ordezkariak osatzen dute. Lexoti taldea dira Leire Beloki, Karlos Ibarguren, Jokin Irastorza, Ander Lizarralde, Mirari Martiarena eta Jon Otegi. Martzelina osatzen dutenak, berriz, Jon Diaz de Mendibil, Itziar Etxegia, Iker Goia, Josu Ibarguren, Jon Martin, Iraitz Mateo eta Juanito Mitxelena dira.

Afaria Herrian, talde bakoitzak kanporaketa bana jokatuko du. Lehenengo saioa Martzelinari dagokio, Urretxu-Zumarragaren kontra, hilaren 24an. Bertso-afaria izango da Girizia elkartean 20.30ean. Sarrerak bihartik aurrera egongo dira salgai hamabost eurotan Makutxo tabernan eta Garmendi txokolategian.

Martxoaren 3an Lexoti taldeak Legazpi izango du aurkari Makutxon 23.00etan. - A.M.