“Indarra eta botea daukagu, hori da beste dantzarien aurrean bereizten gaituena”
Iaz bigarren postua lortu ondoren, aurten goia jo dute eta Euskal Herriko Dantza Suelto Txapelketa irabazi dute Seguran Idoia Besada eta Xabi Artolak
irura - Eta azkenean jo zuten goia. Xabier Artola irurarra eta Idoia Besada pasaitarrak Euskal Herriko 40. Dantza Suelto Txapelketa irabazi zuten pasa den urriaren urriaren 15ean Seguran Irurako herria ordezkatuz. Xabi eta Idoia, jozazue goia! oihukatzen zieten Segurara eraman zituzten jarraitzaileek eta haiek eskatutakoa bete.
Nola joan zen txapelketa?
-XABI ARTOLA: Ni oso lasai nengoen. Sentipen onekin esnatu nintzen, egin beharreko lana eginda baitzegoen eta animatuta nengoen. Udaberri taldeko kideak pankarta handi bat jarri ziguten eta indar handiarekin atera nintzen dantzara.
-IDOIA BESADA: Ni urduria naiz eta egun horretan are eta urduriago nengoen. Aspaldi ez nengoela hain urduri eta ez nekien nola kontrolatu neure burua. Oholtza gainean dena ahaztu zitzaidan.
Noiztik daramazue bikote bezala dantzan?
-X.A.: Iaz hasi ginen eta denboraldi osoa egin genuen bikote bezala, maiatzetik urrira bitarte. Pasa den urtean bigarren geratu ginen Segurako txapelketan eta aurten lehen postua lortu dugu.
-I.B.: Hasieratik kimika ona izan dugu eta horren seinale da aurkeztu ginen lehenengo txapelketa, Arabakoa, irabazi egin genuela.
Zenbat txapelketetara aurkeztu zarete denboraldi honetan?
-I.B.: Guk, ahal badugu, txapelketa guztietara joaten gara. Ondo pasatzen dugu eta guretzat ez da ahalegina.
-X.A.: 20 txapelketa daude egutegian eta gu 15era aurkezten gara, gutxi gora-behera.
Hala ere, Segurakoak badu halako prestigioa eta ospea, ezta?
-I.B.: Bai, hala da, baina idealizatuta ere badago. Lana ez da Segurarako bakarrik egin behar. Xabi eta biok bagara txapelketa guztietara aurkeztekoak, baina badaude bikote batzuk Segurakora bakarrik joaten direnak.
-X.A.: Segurakoa Euskal Herriko txapelketa da, baina badira dantza sueltoko beste txapelketa asko. Txapelketa guztietan denok parte hartzeko aukera dugu, baina Segurakoak badu izena.
Iruraren izenean aurkeztu zarete...
-X.A.: Ni irurarra naiz eta Idoia pasaitarra, baina herri bakarra ordezkatu behar da txapelketan. Iaz Iruraren izenean joan ginen eta aurten Pasaia tokatzen zen, baina Idoiak hala erabakita, aurten ere Iruraren izenean dantza egin dugu.
-I.B.: Udalean harrera egin ziguten eta Nestor Basterretxearen garaikurra urtebetez han geratuko da. Betirako han geratzeko beharrezkoa da txapelketa hiru urtez jarraian irabaztea edo bost urtez, jarraian izan gabe. Hori oso zaila eta nekagarria da!
Txikitatik daramazue dantzan?
-I.B.: Nire ahizpa dantza ikastera joaten zen Villabonan eta ni berarekin ikusle modura. Egun batean, lau urte nituela edo, dantzan jarri ninduten. Ondoren, sei urterekin Errenteria Musikalen jarraitu nuen eta ondoren, Ereintzan. Orain Tolosako Udaberri dantza taldean aritzen naiz.
-X.A.: Iruran bi urterekin hasten dira haurrak dantzan eta ni ere horrela hasi nintzen. Hamabi urterekin Udaberrira joan nintzen, Tolosara, eta Jose Luis Vallejorekin hasi nintzen. Orain arte dantza bakarrik egin dut eta iaz hasi nintzen txapelketetan aurkezten.
Bikote bezala zerk egiten zaituzte berezi?
-X.A.: Indarra dugu eta botea, eta salto handiak egiteko joera dugu. Asko arriskatzen dugu pausoak erabakitzeko orduan eta zailtasun aldetik asko ematen dugu.
-I.B.: Hainbeste bote gabe hasi ginen, baina diferentzia markatzeko gure dantzari bota eman behar geniola erabaki genuen. Koordinazioari ere garrantzia handia ematen diogu, ispilu bat izaten saiatzen gara.
Eta zer esango zenukete batak bestearengatik?
-I.B.: Xabik lortu duena sekulakoa da. Nik txapelketetan esperientzia nuen, baina Xabi hutsetik hasi da eta goia jo du. Segituan lortu genuen maila handiko bikotea egitea.
-X.A.: Idoiak bi Segurako txapelketa baditu, 2011n eta 2012an eta sueltoan ezaguna bazen aurretik. Erreferente bat bazen eta Udaberrira etorri zen eskolak ematera. Teknikoki oso perfekzionista da, koordinazio handia du eta grazi handia dantza egiterako orduan.
Zer eman dizue dantzak?
-I.B.: Adikzio moduko bat da: bete egiten nau eta ezin dut utzi. Dantza egitea asko gustatzen zait.
-X.A.: Egunerokotasunetik ihes egiteko bidea da eta dantzarekin disfrutatu egiten du, bestela ez genizkion hainbeste ordu eskainiko. Gainera, talde bezala ere Udaberrin oso giro ona dugu eta hori oso garrantzitsua da.
Gipuzkoako txoko maiteena. Idoia: Donostia asko gustatzen zait, askotan ez dugu apreziatzen nolako parajea dugun. Xabier: Tolosako plaza Zaharra:
Paisaia idilikoa. Idoia: Pasai-Donibaneko badia zoragarria da. Xabier: Zumaiako flyscha.
Festa edo ospakizuna. Idoia: Pasai-Antxoko San Ferminak. Xabier: Irurako festak eta Tolosako Iñauteriak.
Mendia. Idoia: Aiako Harriak. Xabier: Loatzo.
Hondartza. Idoia: Donostiako Ondarreta. Xabier: Zarauzkoa.
G
ipuzkoatzen