oiartzun - Aurtengo ikasturtean 50 urte betetzen ditu Oiartzungo Haurtzaro Ikastolak. Hain zuzen ere, lehen klasea 1967ko urriaren 16an eman zuten Arantxa Madariaga eta Ines Olaziregi bi andereñoek.

Haurtzaro Ikastola 16 familia eta bi andereño horien borondate eta ausardiari esker sortu bazen ere, 50 urte hauetan, Oiartzungo familia gehienen txikitako etxe izan da.

50 urte hauetako ibilbidea guraso guztien ekarpenei, irakasleen inplikazioari eta erakundeen laguntzari esker gauzatu da.

Urtean zehar ekitaldi desberdinak antolatu dira urteurrena ospatzeko eta bihar egun osoko jaialdia antolatu da. Hasteko, Haurtzaro Ikastolako atea zabaldu zuten bi andereñoak eta 16 familiako gurasoak omenduko dira. Izan ere, Arantxa Madariaga eta Ines Olaziregik segurtasun osoa eskaintzen ez zuten lanpostuak onartu zituzten eta lehen promozioko ikasleen gurasoek, 16 familia guztira, munduan preziatuena zutena eskaini zioten Ikastolari, euren haurrak, alegia.

Omenaldiaz gain, ekitaldi hauek osatuko dute biharko jaia. 10.30ean kalejira. 11.00etan txupinazoa eta jarraian, omenaldia. Ordu berean taberna eta material salmenta. 11.30ean hasita eta egun osoan argazki-erakusketa pleno aretoan. 12.00-13.30 muxikoak, Soinuenearen eskutik. 12.00-13.30 haurrentzako guneak eta jolasak: puzgarriak, margoak, etab. 13.00etan buruhaundiak. Bazkaria norberak etxetik eraman beharko du. 15:30-16.00 pailazoak. 16.00etan familia jolasak. 16.00-18.00 haurrentzako guneak. 17.00etan buruhaundiak. 17.30ean txokolatada. 18.00etan dantzaldia Maider eta Ixiar-ekin. 20.00etan zezen suzkoa. Gaur egungo ikasle eta gurasoez gain, ikasle eta langile ohiak ere jaialdietara hurbiltzea eskertuko lukete antolatzaileek, beraien bizipenak eta oroitzapenak gogorazteko.